Datozen asteotan turismo bulegora bertaratzen diren guztiek duela ehun milioi urte inguru itsas hondoan sortu ziren septariei buruzko hainbat berezitasun eta xehetasun gehiago ezagutzeko aukera izango dute. Lau ataletan banatuta, besteak beste, flysch beltza zer den, septariak zer diren eta nola sortzen diren azaltzen da erakusketan. Bertan, munduko beste leku batzuetan (Madagaskarren, Marokon, Alemanian edo Frantzian) aurkitutako alerik bitxienak ikus daitezke, baita gertuagokoak ere (Nafarroakoak, Pirinioetakoak edo Bizkaikoak). Era berean, EHUko Geologia saileko Luis Miguel Agirrezabalak konkrezio horiei buruz egin duen ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dituen atala ere aurkituko du bisitariak.
Oraingoz, Debako septariekin eta truke programako piezekin osatutako bildumako pieza ikusgarrienekin eta adierazgarrienekin osatutako lagin txiki bat besterik ez dago ikusgai, baina, epe ertainera begira, erakusketa finko bat sortzea da helburua. Iragarri dutenez, erakusketa zabalduz joango da eta espazio handiago batera eramango dute, “ahal bezain laster”. Ikerketatik hasita, etorkizunean erakusgai egongo den erakusketa hezkuntza eta dibulgaziorako baliabide bilakatzea da asmoa, “Geoparkearen eskaintza geoturistiko iraunkorraren osagarri”.
Urtarrilaren bukaerara arte egunero egongo da ikusgai erakusketa. Honakoa da ordutegia: astelehenetik igandera 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatean 16:00etatik 18:00etara ere zabalik egongo da aretoa.
Erakusketaren arduradunek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesarekin septariei buruz garatutako bi proiektu biribiltzeko helburuarekin prestatu dute aurreko ostegunean (azaroaren 23an) inauguratutako erakusketa.
Garatutako proiektuetako bat Debako Udalak Geoparkearekin elkarlanean septariak kontserbatu eta haien balioa nabarmentzean datza. Azaldu dutenez, esku pribatuetan zeuden aleak bereganatu dituzte eta, aldi berean, horietako batzuk elkartruke programa batera bideratu. Elkartruke horri esker, munduko beste toki batzuetako septariak Debakoekin batera erakutsiko dituzte eta inguru hauetan bildutakoak, berriz, beste lurralde batzuetan ezagutzera eman ahal izango dituzte.
EHUko Luis Miguel Agirrezabala ikerlariak garatu du beste proiektua. Agirrezabala flysch beltzean aditua da eta Geoparkeak lagunduta, azken bi urteotan flysch beltzeko noduloak ikertzen aritu da. Agirrezabalak berak adierazitakoaren arabera, ikerketaren emaitzak “oso adierazgarriak” izan dira. Bere hitzetan, garai hartako artxiboak dira eta horrek guztiak prozesu fisiko, kimiko eta biologikoak ezagutzen laguntzen du.
Zer dira, zehazki, Debako septariak?
Siderita beltzezko konkrezioak dira, esferikoak, eta 2 eta 25 zentimetro arteko tamaina izan dezakete. Erditik moztuz gero, gainera, “artelan txikia dirudien barne-haustura sare bat” izaten dute. “Pitzadura horiek ur mineralizatuz betetzen dira, eta kaltzitako kristal zuriz betetako betegarri bat prezipitatzen dute; hala ere, dolomitazko, baritazko eta piritazko kristal txikiak ere aurki daitezke”.