Oso gutxi falta da Debako Nesken Binakako XI. Pala Txapelketa-VIII. Maite Etxeberria oroimenezkoa amaitzeko. Urriaren 8an hasi zen bidea egiten Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek antolatutako txapelketa, eta ia bi hilabeteko lehiaren ostean, igandean (abenduak 3) jokatuko dituzte finalerdiak. 10:00etan hasiko dira lehen mailako zein bigarren mailako norgehiagokak jokatzen, eta nahi duten pilotazale guztiei Aldats pilotalekura gerturatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Iragarri dutenez, zozketa bidez aukeratu dituzte igandean elkarren aurka ariko direnen ordena. Zozketan erabakitakoaren arabera, bigarren mailako lehen finalaurrekoa jokatu duten bi bikoteak kantxaratuko dira lehendabizi, eta, horren ostean, lehen mailako bigarren finalaurrekoarekin jarraituko dute. Jarraian, bigarren mailako azken finalaurrekoari ekingo diote eta, azkenik, lehen mailako bigarren finalaurrekoarekin hasiko dira.
Igandean, gainera, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta Iruleak elkarteko kideek jakitera eman dutenez, 13:00etan Foruen Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko asmoa dute. Hortaz, partiden ordutegia hitzordu horren arabera antolatzea erabaki dute. “Herri euskalduna garela eta euskaraz bizi nahi dugula adierazteko, elkarretaratzean parte hartuko dugu”.
10:00etan hasita, Edurne Osa zizurkildarrak eta Amaia Gonzalez andoaindarrak osatutako bigarren mailako bikoteak Amaia eta Maitane Furones ahizpa debarren aurka neurtuko dituzte indarrak. 10:45ean hasita, berriz, Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek osatutako lehen mailako bikotea Amaia Aizpuru azkoitiarraren eta Aintzane Arizmendi elgoibartarraren aurka ariko dira.
11:30ean hasita, aldiz, bigarren mailan aritu diren Itziar eta Marilu Albizu ahizpa debarrek Sheila Gonçalvesen eta Ainhoa Eraña debarren aurka lehiatuko dute finalerako pasea. 12:15ean hasita, azkenik, lehen mailan lehiatu diren Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrak Karmele Martinez eta Jone Azkoaga zarauztarren aurka ariko dira nor baino nor indartsuago.
Igandeko lau neurketa horien ostean, beraz, zehaztutako geratuko dira abenduaren 16an jokatuko den finalean lehenengo eta bigarren postuen bila kantxaratuko diren bikoteak, baita hirugarren eta laugarren postuak lortzeko lehiatuko diren bikoteak ere.