Euskararen aldeko aldarria zabaltzeko egitarau bete-betea dakar Euskeraz Bagerak asteburuan

Berriketan 2023ko abe. 1a, 12:06

Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina Deban ez dira egun bakarrera mugatuko euskararen aldeko ekimenak. Aurreko asteburuan abiatutako Euskeraz Bagera zikloari jarraipena emanez, hamaika ekintza izango dira aukeran, gaur hasi eta igandera bitartean.

Gaur (abenduak 1) arratsaldean emango zaio hasiera, Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldearen ekimenez, asteburu honetarako prestatutako egitarauari. Udaletxeko arkupeetan jarri dute hitzordua, 17:00etan, eta Euskaraz blai jolasten izenburuko ekintza egingo dute HH eta LHko haurrekin. Iluntzean, berriz, Kultur Elkartean izango du jarraipena programazioak, 20:00etan Gari musikariak emango duen kontzertuarekin.

Bihar, larunbatean, lau jarduera ezberdin izango dira aukeran. Lehenik, Maialen Solabarrietak gidatutako yoga ikastaroak (eta gosariak) egingo dituzte Ikigai zentroan (10:00etan izango da lehen saioa, eta 11:30ean bigarrena). Bigarrenik, udaletxeko areto nagusian Gaitu proiekturako audio grabazioak egingo dituzte 10:00etatik 14:00etara (igandean ere izango da aukera, leku eta ordu berean); Geoparkea osatzen duten Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek bat egin dute egitasmoarekin eta grabazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, “guztion artean gure hizkuntzari eta kulturari ekarpen ederra” egin diezaiokegula nabarmenduz. Hirugarrenik, Debako Udalak eta Zuhatza-Kolore Anitzek elkarlanean antolatu duten kantu eta jolas ikastaroa egingo da Ispiluen gelan, 4 eta 9 urte bitarteko seme-alabak dituzten guraso, hezitzaile eta tutoreei zuzenduta. Eta, laugarrenik, musika izango da protagonista herrian, Kalean Kantuz taldeko kideek emanaldia egingo baitute kalez kale, 13:00etan hasita (udaletxeko arkupeetatik).

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo da Foruen Plazan, 13:00etan, “herri euskalduna garela eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko”, eta mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin diete herriko eragileei eta norbanakoei. Arratsaldean, bestalde, Debako Kontalariek umeentzako ipuin emanaldia egingo dute Ispiluen gelan, 17:30ean hasita; saio berezia izango da, gainera, Ane Bastida Lizasok Hideane eta bere lagunak (Denonartean, 2023) liburua aurkeztuko baitu bertan. Azkenik, asteburuko egitarauari emaiera emateko, zinemazaleek Irati filma ikusteko aukera izango dute iluntzean Kultur Elkartean; Debadezineren eskutik egingo da emanaldia, 19:00etan.