Surflari debarra txiki-txikitatik ibiltzen da olatuak hartzen eta ohol gainean zutitzen. 5 urte besterik ez zituela piztu zitzaion itsas kirol horrekiko zaletasuna. Lagun batek ohol bat utzi zion probatzeko eta esperientzia gustatu zitzaion; orduan jakin zuen horretan jarraitu nahi zuela. Hurrengo Gabonetan, gurasoek ohol bat oparitu zioten, eta ordutik olatu artean murgiltzen jarraitzen du.
Euskalsurf Gazte Surf Zirkuituko txapeldun izendatu zaituzte berriki. Zer dela eta erabaki zenuen bertan parte hartzea?
Zirkuituan parte hartu dudan bigarren aldia izan da aurtengoa. Euskal Herri mailako zirkuitua delako erabaki nuen bertan lehiatzea.
Eta zer asmorekin joan zinen txapelketara?
Hasierako helburua, egia esan, Euskal Herriko txapeldun izatea eta zirkuitua irabaztea zen eta, helburu hori lortuta, oso pozik eta gustura sentitzen naiz.
Ozta-ozta gainditu duzu (35 puntuko aldearekin) Urko Zarraga bigarren sailkatua. Espero zenuen irabaztea?
Azken proban finalerako txartela lortu nuela ikusita, baneukan zirkuitua irabazteko esperantza. Proba bera irabazteko itxaropena ere banuen, baina, olatu eta eguraldi baldintza txarrak zirela medio, ez zen posible izan.
Karraspion eta La Salvajen lortutako bigarren postuak garaipena eskuratzeko erabakigarriak izan dira, ezta?
Proba horietan nahiko baldintza kaskarrak izan genituen. Hala ere, baldintza eskas horietara ondo egokitu nintzen eta, finalak nahi bezain ondo irten ez baziren ere, posible izan zen emaitza on bat lortzea.
“Emaitzarik onenak, beharbada, Espainiako Txapelketan eta Zarautz 4Teens txapelketan lortu ditut;
laugarren amaitu dut bietan”
Zirkuitua hiru probaz osatuta egon den arren, horietako bitan bakarrik lortu dituzu puntuak. Nolatan?
Lehenengo proba egin zen asteburu berean, kasualitatez, Aritz Aranburuk antolatzen duen Zarautz 4Teens txapel-keta ere jokatzen zen. Oso maila handiko txapelketa da, Espainiako Surf Zirkuiturako puntuagarria. Hasiera batean, bi probetan parte hartzeko asmoa nuen. Izan ere, Zarauzko txapelketa larunbatean hasten zen eta zirkuituko lehen proba, aldiz, igandean zen. Baina, larunbatean, biharamunean jokatzen zen 4Teens txapelketaren azken fasera igarotzeko txartela lortu nuen eta, norgehiagokak duen garrantzia ikusita, bertan gelditzea aukeratu nuen.
Parte hartu duzun bi probetatik zein gustatu zaizu gehien?
La Salvajekoa, dudarik gabe. Olatu hobeak egon ziren, horma gehiagorekin. Itsasbeheran, gainera, eskuin aldetik goi-goian olatu bat altxatu zen, eta horregatik guztiagatik olatu hobeak zeudela iruditu zitzaidan. Karraspion baldintza eskasagoak izan genituen. Olatua asko ixten zen eta finalean ere ez zen olatu askorik izan.
Zirkuituz kanpo lehiatzeko aukerarik izan al duzu?
Espainiako Surf Zirkuituko hainbat probatan parte hartzeko aukera ere izan dut, bai. Emaitzarik onenak, beharbada, Espainiako Txapelketan eta Zarautz 4Teens txapelketan lortu ditut; laugarren amaitu dut bietan. Bestalde, Loredon jokatutako Kantabriako Ligako proba bat ere irabazi dut.
Hastapenei begira jarrita, noiz hasi zinen surf egiten?
Lehen aldia 5 urterekin izan zen. Lagun batek bere ohola utzi zidan probatzeko eta esperientzia asko gustatu zitzaidan. Gabonetarako taula bat eskatu nien gurasoei, eta hor hasi zen guztia. Hasiera batean, Youtubeko bideoetan ikusten nuena ikasten ahalegindu nintzen, gurasoen laguntzarekin. 10 urterekin, ordea, Imanol Yeregiren Surfing Zumaia eskolan izena ematea erabaki nuen, eta oraindik ere bertan jarraitzen dut; egia esan, oso gustura nago Imanolekin, asko irakatsi dit.
“Urtarrilean hasiko da denboraldi berria. Berez, 16 urtez azpikoen kategorian aritzea dagokit, baina, zirkuituan kategoria hori ez dagoenez, nahitaez 18 urtez azpikoen mailan aritu beharko naiz”
Surfak entrenamendu asko eskatzen du, ezta?
Urte osoan egiten ditut entrenamenduak. Astean bitan, Imanol Yeregirekin aritzen naiz Zumaian eta gainontzeko egunetan nire kabuz entrenatzen naiz, osaba Arkaitzen eta aitonaren laguntzarekin. Uretaratzeko baldintza eskasak baldin badaude, uretatik kanpo bestelako entrenamenduren bat egiten dut, baina ahal dudan guztietan sartzen naiz uretara.
Entrenatzeko orduan, desberdintasunik nabaritzen al da urteko sasoi batetik bestera?
Bai, noski. Udaran ura epelagoa egoten bada ere, neguan askoz olatu hobeak, handiagoak eta indartsuagoak egoten dira.
Noiz eta nola helduko diozu denboraldiari?
Urtarrilean hasiko da denboraldi berria. Berez, 16 urtez azpikoen kategorian aritzea dagokit, baina, zirkuituan kategoria hori ez dagoenez, nahitaez 18 urtez azpikoen mailan aritu beharko naiz. Kategoria horretan ahal dudan mailarik onena ematen saiatuko naiz eta aurrez egindako lanaren fruituak emaitzetan igartzea espero dut.