Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpa mutrikuarrak eta Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrak dira lehen mailako finalean aritzeko txartela eskuratu duten bi bikote finalistak. Bigarren mailan, berriz, Itziar eta Marilu Albizu ahizpa debarren eta Edurne Osa zizurkildarraren eta Amaia Gonzalez andoaindarraren artean egongo da aurtengo txapelaren irabazlea.
Antolakuntzako kideen esanetan, atzo (abenduak 3) goizean Aldats pilotalekuan jokatutako lau finalerdiak “nahiko estuak” izan ziren. Bigarren mailako lehen finalerdia Edurne Osa zizurkildarrak eta Amaia Gonzalez andoaindarrak osatutako bikoteak irabazi zuen; 22-13 nagusitu zitzaien Amaia eta Maitane Furones ahizpa debarrei. Bigarren mailako finalerako azken pasea, aldiz, Itziar eta Marilu Albizu ahizpa debarrentzat izan zen; 22-17 irabazi zuten Sheila Gonçalves eta Ainhoa Eraña debarren aurka.
Lehen mailako lehen finalerdian, Amaia Aizpuru azkoitiarrari eta Aintzane Arizmendi elgoibartarrari 22-13 irabazita, Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek lortu zuten finalerako lehen txartela. Lehen mailako bigarren finalerdia, ordea, azken tantoan erabaki zen; Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrak 22-21 nagusitu ziren Karmele Martinez eta Jone Azkoaga zarauztarren kontrako lehian.
Final handia, abenduaren 16an
10:30ean Aldats pilotalekuan hasiko den final handiari buruzko hainbat xehetasun ere eman dituzte. Urtero bezala, finalistei egiten zaien agurra dantzatuz hasiko dute pilota jaialdia eta, jarraian, bigarren mailako finalistak (Itziar eta Marilu Albizu / Edurne Osa-Amaia Gonzalez) kantxaratuko dira. Ondoren, eta lehen mailako finalistak berotzen ari diren bitartean, Euskeraz Bagera zikloaren barruan antolatutako Euskararen aldeko pilotakadari hasiera emango diote. Antolakuntzatik azaldu dutenez, nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. “Punteria pixka bat duena parte hartzera animatzen dugu. Guztiok izango zarete ongi etorriak”.
Euskararen aldeko pilotakadarekin amaitzean, lehenengo mailako finalaren txanda izango da. Eta neurketa guztiak jokatzen amaitzean, sari banaketa ekitaldiarekin hasiko dira. “Hirugarren eta laugarren postuetan geratu direnentzat eta finalistentzat egongo dira sariak. Horrekin batera, Maite Etxeberria sari berezia ere banatuko dugu. Bazkideen artean, gainera, saskia zozkatuko dugu eta, nola ez, parte hartzaile guztientzat detaileren bat ere egongo da. Ekitaldia bukatu eta gero, urtero legez, talde argazkia aterako dugu”.
Hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak
Hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak, berriz, abenduaren 14an izango direla iragarri dute; 18:30ean hasiko da jaialdia. Lehenengo mailan, Amaia Aizpuru azkoitiarra eta Aintzane Arizmendi elgoibartarra izango ditu aurrez aurre Karmele Martinez eta Jone Azkoaga zarauztarrek osatutako bikoteak. Bigarren mailan, berriz, debarren arteko norgehiagoka izango da; Amaia eta Maitane Furones ahizpak Ainhoa Eraña eta Sheila Gonçalvesen aurka ariko dira lehian.