Urtearen amaiera gero eta gertuago dago, eta abenduaren 31n egin izan ohi den kirol hitzordurik ezagunena egingo dela jakitera eman dute Deba Xtreme Kirol Taldeak eta udalak. Herritarrek urtea kirola eginaz agurtzea nahi dute, eta horretarako, urteroko ohiturari jarraituz, San Silbestre lasterketa antolatu dute; arropa erosoak edo mozorrorik originalenak jantzita korrika egitera animatu dituzte herritarrak.
Ohi bezala, 12:00etan, Foruen Plazatik abiatuko da 14 urtetik gorakoei zuzendutako 5 kilometroko proba nagusia, baina aurretik, adinaren arabera antolatutako beste hiru proba ere egongo dira. Hona hemen kategoria bakoitzaren irteera ordutegia eta osatu beharreko distantzia:
- 11:15ean, HH4-LH1 bitarteko haurren proba: 200 metro.
- 11:30ean, LH2-LH5 bitarteko gaztetxoen proba: 400 metro.
- 11:45ean, LH5-DBH2ko bitarteko gazteen proba: 1 kilometro.
Kirol proban izena emateko interesa dutenek turismo bulegoan dute horretarako aukera. Antolakuntzatik aurreratu dutenez, distantzia motzenetarako izen ematea doakoa da, baina proba nagusian parte hartzeko 7 euro ordaindu behar dira; abenduaren 30a da horretarako azken eguna. Edonola ere, lasterketaren egunean bertan ere izango da dortsala eskuratzeko aukera, baina kasu horretan bi euro garestiago izango dela esan dute; alegia, 9 euroan.