Ibilbide luze eta oparoa egin du Esteban Elizondo Iriartek musikagintzan. Donostiako Kontserbatorioan amaitu zituen piano eta organo ikasketak. Ondoren, Vienako Goi Mailako Musika eskolan beste hiru urtez sakondu zuen organo ezagutzetan eta, besteak beste, bere ibilbide akademikoan, Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan organo katedradun gisa jardun du, baita zentro horretako zuzendari lanetan aritu ere.
2002an Bartzelonako Unibertsitatean Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako Aparteko Saria jaso zuen, La organería romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940) tesiagatik. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiako Orfeoiak Ikerketaren Saria eman zioten.
Azken urteotan, Euskal Herrian dagoen aparteko organo-ondarea eta musika ikertzen aritu da, eta hura nazioartean zabaltzen. Dibulgazio hori Europa osoan, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Japonian, Brasilen, Errusian, Aljerian eta Kolonbian eskaini dituen kontzertuen bidez egin du, baita musika-ikerketako argitalpenen, partituren edizioen eta Alemaniako Aeolus Etxearekin egin dituen hogei disko baino gehiagoren bidez ere.
2009an Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren domina eman zion. 2011n, Gaztela eta Leongo Organaria Kultur Elkarteak Ohorezko Bazkide izendatu zuen. Urtebete beranduago, Hispaniar Organoaren Elkarteko lehendakariorde hautatu zuten eta, besteak beste, 2014an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide egin zuten.
Hamasei piezako errepertorioa
Debako Santa Maria elizako kontzertura hamasei piezaz osatutako errepertorioa dakar Elizondok. Tartean izango dira, adibidez, iberiar penintsulako organo barrokoko obrak, Johann Sebastian Bach (1685-1750) konpositore ezagunaren lanak, Tomas de Elduayenen eta Eduardo Torresen saetak, eta Jesus Guridi (1886-1961) nahiz Tomas Garbizu (1901-1989) maisuen organo piezak. Emanaldia 20:00etan hasiko da (sarrera doan).