Hilaren 24an, eguerdian, Olentzero eta Mari Domingi izango dira berriz ere bisitan herrian, euren astoaren konpainian. Eta, urteroko hitzordu herrikoia prestatzeko helburuz, lantaldea osatu dute azken asteotan. Nabarmendu dutenez, nolanahi ere, “taldea irekia da eta, hortaz, herritar guztiak daude gonbidatuta bertan parte hartzera”.
Azaroan lehenengo bilera egin ondoren, ekitaldia prestatzeko lantaldeak bigarren batzar bat egingo du orain, antolakuntza lanei buru-belarri heltzeko. Eta, horren harira, boluntarioen taldera batzeko eta bihar, abenduaren 12an, 18:00etan, Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan (Ifar kalea 12) egingo den bilera irekira joateko gonbidapena egin diete herritarrei. “Denok izango zarete ongi etorriak, bai norbanako gisa zein talde gisa, eta benetan eskertuko genuke zuen parte-hartzea. Gure ustez, argi baitago: zenbat eta lagun gehiago izan, orduan eta ederragoa izango da auzolanaren emaitza”, azpimarratu dute.