Gabonak gainean ditugun honetan, urteko sasoi honetan egin ohi diren ospakizunetarako aproposak izan daitezkeen zenbait plater prestatzen ikasteko ikastaroa antolatu du Arbil erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak. Zehaztu dutenez, “erraz” egiteko bost plater prestatzen irakatsiko du Jose Mari Egaña sukaldari ezagunak asteartean (abenduak 12), asteazkenean (abenduak 13) eta ostegunean (abenduak 14).
Itxas Begi elkarte gastronomikoan izango da ikastaroa, 17:00etatik 19:00etara, eta iragarri dutenez, sukaldari debarrak Aitor Arritokietarekin batera emango ditu Gabon menurako proposatutako bost errezeta horiek nola prestatu jakiteko azalpenak.
Arbil elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak pozik agertu dira ikastaroak izan duen erantzun onarekin. Azaldu dutenez, ikastaroa hasiera batean bi egunetan egitea zegoen aurreikusita, baina izan duen arrakasta ikusita, eskaintza hirugarren egun batera zabaltzea erabaki dute. Hori bai, ohartarazi dute izena emateko zerrendak itxita daudela. “Hirugarren ikastaro horretan itxaron zerrendan izena emanda zeudenek parte hartuko dute”.