Final handia 10:30ean hasiko da Aldats pilotalekuan eta aurtengo txapelketa ere 2015ean zendu zen Maite Etxeberria debarraren oroimenez izango da; Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek, ohi bezala, biharko (abenduak 16) kirol jardunaldia “ikusgarria eta lehiatua” izatea espero dute. Deialdiarekin bat eginda, udalak ere finalera gerturatzeko gonbidapena egin die debarrei eta kirola maite duten guztiei. “Halako partidek izaten duten emozioz gozatzeko aukera izango dute, baita Maite Etxebarria zena oroitzeko aukera ere”.
Antolatzaileek iragarri dutenez, parte hartzaileen aurkezpenarekin eta urtero finalistei egiten zaien agurra dantzatuz hasiko dute pilota jaialdia eta, jarraian, bigarren mailako finalistak kantxaratuko dira. Maila horretan, Itziar eta Marilu Albizu ahizpa debarren eta Edurne Osa zizurkildarraren eta Amaia Gonzalez andoaindarraren artean egongo da aurtengo txapelaren irabazlea.
Urtero atera ohi duten talde argazkia aterata emango diote jardunaldiari amaiera
Atsedenaldian, lehen mailako finalistak berotzen ari diren bitartean, Euskeraz Bagera zikloaren barruan antolatutako Euskararen aldeko pilotakadari hasiera emango diote. Antolakuntzatik azaldu dutenez, nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute “gure hizkuntzaren eta kulturaren erabilera eta errespetua sustatzeko helburuarekin” antolatutako lehiaketan. “Punteria pixka bat duena parte hartzera animatzen dugu. Guztiok izango zarete ongi etorriak”.
Jarraian, lehenengo mailako finalarekin hasiko dira. Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrek osatutako bikotea Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpa mutrikuarrek osatutako bikotearen aurka ariko da lehian; jokoan egongo den txapela eskuratzeko, kantxan duten onena eta palarekin duten trebezia erakutsi beharko dute. Eta neurketa guztiak jokatzen amaitzean, sari banaketarekin jarraituko dute. Urtero atera ohi duten talde argazkia aterata emango diote jardunaldiari amaiera.
Hirugarren eta laugarren postuak
Atzo (abenduak 14) arratsaldean, berriz, hirugarren eta laugarren postuak argitzeko partidak jokatu zituzten. Lehen mailan, Karmele Martinez eta Jone Azkoaga zarauztarrek partida nahiko berdindua jokatu zuten Amaia Aizpuru azkoitiarra eta Aintzane Arizmendi elgoibartarren aurka. Azken tantora arte borrokatutako partida izan zen eta, 22-21 irabazi ondoren, zarauztarrentzat izan zen hirugarren postua.
Bigarren mailan, berriz, Ainhoa Eraña eta Sheila Gonçalvesek alde nabarmenarekin irabazi zuten debarren arteko norgehiagoka; irabazleak hobeto moldatu ziren kantxan eta 22-9 irabazi zieten Amaia eta Maitane Furones ahizpei.