Urtero Gabon garaian egin bezala, Martutenen preso daudenei laguntzeko elkartasun kanpaina berezia abiatu du Gipuzkoako Espetxe Pastoralgintzak. Gipuzkoako beste herri batzuekin batera, Debako parrokiako kideek ere ekimenarekin bat egin dutela jakitera eman dute. “Helburua da Martuteneko presoei Gabonetako opari gisa zenbait produktu eskaintzea”.
Duela egun batzuk hasi ziren presoei bidaltzeko arropa eta bestelako produktuen bilketarekin, eta bihar (abenduak 16) arte horretan ariko direla esan dute. “Parrokiako kaperetako batean kutxa batzuk ipini ditugu eta, eliza zabalik dagoen orduetan, bertan laga daiteke materiala”. Presoek, gehienbat, arropa behar dutela adierazi dute, baina Gabonetako gozoak, tabakoa eta bestelako materiala ere bilduko dituztela dio taldeak. Presoek egindako eskakizunei erantzun nahian, honako zerrenda argitaratu dute:
- Barruko arropa berria (mauka motzeko kamisetak, galtzontziloak, bularretakoak eta kuleroak).
- Kirola egiteko arropa (prakak, kamisetak eta jertseak).
- Bainurako txankletak (39-46 bitarteko neurrikoak).
- Kirol oinetakoak (39-46 bitarteko neurrikoak).
- Turroi biguna
- Tabako gorria eta txiskeroak
- A motako zigiluak, gutun-azalak eta boligrafoak
- Azazkalak moztekoak