Iragarrita zegoen bezala, urtero finalistei eta epaileei egiten zaien agurra dantzatuz hasi zuten aurtengo final handia. Jakitera eman dutenez, Maialen Rosak, Maitane eta Amaia Furonesek eta Mari Searak dantzatu zuten agurra, Miren Artetxek jotako trikiti doinuez lagunduta. Ondoren, Edurne Osa zizurkildarrak eta Amaia Gonzalez andoaindarrak sei tantogatik irabazi zuten bigarren mailako finalarekin jarraitu zuen pilota jaialdiak; 22-16 gailendu ziren Marilu Albizu eta Itziar Albizuren ordezko lanetan aritu zen Maddi Ciaran debarren aurka.
Jarraian, eta lehen mailako finala jokatu behar zuten bi bikoteak berotu bitartean, Euskeraz Bagera zikloaren barruan antolatutako Euskararen aldeko pilotakada egin zuten. Jolasean “jende dezentek” parte hartu zuela esan dute, eta guztia amaituta, hiru irabazle egon ziren: Mari Seara, Maite Ramos eta Cristina. Ondoren jokatu zen lehen mailako finalaren garaipena, berriz, Maite eta Iratxe Barruetabeña ahizpa mutrikuarrentzat izan zen; 22-14 irabazi zieten Yoli Mateos eta Maria Badiola elgoibartarrei.
Ekitaldia talde argazkia atereaz eta bazkari batekin amaitu zuten, baina aurretik, sari banaketa eta bazkideen arteko zozketa egin zituztela jakitera eman dute. Maite Etxeberria sari berezia, esaterako, Mari Searak eta Onintza Caramanzanak jaso dute aurten; “aho batez” aukeratu ditu antolakuntzak, “minbizia pasata, izan duten adore eta indarrarengatik eta beti ondoan laguntzeko prest egon direlako”. Bazkideen artean zozkatu zituzten saskiak, berriz, Jone Loiolarentzat eta Itziar Aldalurrentzat izan dira. “Jokalari eta ordezko bezala ibili diren guztiei ere oparitxo bat eman genien”.