“Ikasleen artean joko librea, sormena eta elkarrekintza sustatuko dituen aire zabaleko espazio bat sortzea, hezkuntza inklusiboagoa eta osasungarriagoa sustatuz”. Hitz horiekin laburbildu ditu udalak patioa berrantolatzeko lanen helburu nagusiak.
“Haur Eskolak egindako hausnarketak agerian utzi zuen azken urteetan areagotu den joera bat: teknologiek haurren eguneroko bizitzan geroz eta eragin handiagoa dute. COVID-19aren pandemiak, gainera, nabarmendu egin du joera hori, gazteen mugikortasuna eta sozializazioa mugatuz. Gainera, Haur Hezkuntzako ikastetxeak duela urte batzuk hausnarketa eta aldaketa prozesu bati ekin zion bere Hezkuntza Proiektuan, mailakako mugimendu librean eta eguneroko proiektu eta egoeren inplementazioan oinarritutako metodologia lehenetsiz, irakaskuntzaren zutabe gisa. Hezkuntza ikasgelatik harago hedatzen dela onartuta, printzipio horiei eskolako patioan jarraipena ematea da helburua, ikasleen garapen integrala sustatuko duen jolas-giro aktiboagoa, sortzaileagoa eta askeagoa eraikiz”, azaldu dute udaletik.
Parte-hartze prozesua amaitu ondoren, udalak eta Luzaro eskolako zuzendaritzak lehentasuna eman zioten beheko solairua eraldatzeari, patio hori baita “eskolan gehien erabiltzen dena eta aukera gehien eskaintzen dituena“.
Sei gune
Udalak azaldu duenez, patioko espazioa sei gunetan antolatuko da, eta bakoitzak bere funtzioa eta ezaugarri espezifikoak izango ditu:
1. gunea: Jolas librea eta jolas gidatua egiteko gune zabala izango da, banku luzeekin, oreka lantzeko txoko gisa eta auzoko komunitatearekin eta gurasoekin elkartzeko gune gisa erabiliko direnak.
2. gunea: Txirrista bat eta rokodromoa izango ditu, mugimenduaren jokoa eta topografiarekin esperimentatzea sustatzeko.
3. gunea: Zurezko egitura abstraktu bat eskainiko du, enborrekin, sokekin eta sareekin, mugimendua eta oreka lantzeko.
4. gunea: Egurrezko eskailera bat eta txirrista duen dorrea izango ditu, haurren gozamenerako.
5. gunea: Espazio intimoagoa izango da, jolas anitzekin eta eserlekuak biltegiratzeko guneekin, eserleku baxu gisa ere funtzionatuko dutenak.
6. gunea: Jolas sinbolikorako egurrezko etxola bat eta sormenezko eta irudimenezko jardueretarako oholtza bat izango ditu.