Debasket Saskibaloi Klubak omenaldi berezia egingo dio larunbatean Antonio Toncho Nava saskibaloi jokalari profesional ohiari. Jaiotzez madrildarra bada ere, Debarekin lotura estua izan du betidanik. Umetan, udalerrian igarotzen zituen udak eta erretiroa hartuz geroztik bertan du bizilekua. Real Madrilen harrobian hazitakoa, klubeko lehen taldean lortu zituen bere ibilbide profesionaleko garaipenik esanguratsuenak: Espainiako sei liga, bost Errege Kopa eta bi Europako Kopa eskuratu zituen 1966. eta 1972. urteen artean. Espainiako selekzioarekin, aldiz, nazioarte mailako 40 partida jokatu zituen, tartean, 1968ko Olinpiar Jokoetan eta 1967ko eta 1969ko Eurobasket txapelketetan parte hartu zuen.
Debasketeko arduradunek jakitera eman dutenez, klubaren hastapenetatik da bertako kolaboratzaile eta azken urteotan emandako laguntza guztia eskertu nahi diote larunbatean. “Klubari oihartzuna eman eta aurrera begira ere klubaren garapenean lagungarri izan daitekeen pertsona bat dela uste dugu. Beti egoten da antolatzen ditugun partidak ikusten eta ahal duen guztietan laguntzeko prest egoten dela ikusita, iruditu zitzaigun ideia polita izan ahal zela Tonchori omenaldi berezi bat egitea; bere ibilbide oparoa aitortzeko eta, aldi berean, guri egindako ekarpena eskertzeko ekitaldia izango da”.
Omenaldia aitzakiatzat hartuta, jardunaldia “elkartasun eta anaitasun sentimendua” uztartuko dituen lagunarteko partidak jokatzeko baliatuko dutela iragarri dute. “Gabon bueltan ekintza berezi bat ere egin nahi genuen eta, gure arteko harremana indartzera aldera, klubeko talde guztiek parte hartuko duten Gabonetako jaialdi bat antolatzea izan da asmoa”.
Eguneko “momenturik hunkigarriena” talde nagusien arteko atsedenaldian izango dela uste dute antolatzaileek
Aurreratu dutenez, kiroldegiko kantxan Beasaingo taldeen aurka neurtuko dituzte indarrak. “Taldea ez dugu halabeharrez aukeratu. Gure helburuetako bat klub izaera indartzea da, eta horretarako beharrezkoa da beste talde batzuekin ere harremanak estutzea. Beasainekin, egia esan, nahiko harreman ona dugu, anaitasun moduko bat daukagula esan daiteke. Besteak beste, beraiekin antolatzen dugu udako campusa ere”.
Jaialdia 09:15ean hasiko da saskibaloi eskolan dabiltzan neska-mutilen arteko partidekin. Horien ostean, haur mailan dabiltzan taldeen txanda izango da eta, jarraian, kadete mailakoak kantxaratuko direla esan dute. “Goizeko partida horien ondoren, beheko kategorietan dabiltzan jokalariak elkarrekin bazkaltzera joango dira”.
Arratsaldean, berriz, nagusien mailako partidekin jarraituko du jaialdiak. Eta eguneko “momenturik hunkigarriena” talde nagusien arteko atsedenaldian izango dela uste dute antolatzaileek. Izan ere, tarte horretan egingo diote Navari omenaldia. “Toncho ez ezik, Beasaingo klubari ere aitortza txiki bat egingo diogu, urte hauetan guztietan emandako laguntza eskertzeko”. Aurreratu dutenez, oroigarri bat emango diote Navari, baita Beasaingo klubaren arduradunei ere. “Tonchori, gainera, kamiseta bat oparituko diogu, jokalari profesionala zen garaian eramaten zuen zenbakiarekin”. Saskibaloi zale guztiak kiroldegiko harmailak betetzera gonbidatu dituzte antolatzaileek, taldeek eta, batez ere, omenduek zaletuen babesa senti dezaten.
EGITARAUA
- 09:15. Saskibaloi eskolakoen arteko partidak.
- 10:00. Haur mailako nesken eta mutilen partidak.
- 12:00. Kadete mailako neskak eta mutilak.
- 16:00. Nagusien mailako 3. mailan lehiatzen direnen arteko partidak.
- Jarraian. Toncho Navari omenaldia.
- 18:00. Nagusien mailako 1. mailan lehiatzen direnen arteko partidak.