Herri berrien eskaerak onartu aurretik, amaitzear den urtearen balantzea eta 2024rako egitasmoak ere onartu zituzten batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionean, egindako zenbait lan nabarmendu zituzten: hamar herri gehituta UEMAk izan duen hazkundea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuek izandako harrera; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenaren baitan Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa-lerroari emandako bultzada eta garrantzia.
2024ko egitasmoen artean, berriz, hainbat lan ildo nabarmendu zituzten. Honakoak, beste askoren artean: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.
107 udalerri
Mankomunitatearen ohiko jardunerako kontuez gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten batzarkideek. Hori hala, Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri ere mankomunitateko kide dira dagoeneko. “Sei horiek gehituta, 107 udalerri izatera heldu da UEMA (tartean da Deba), eta guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek”, nabarmendu zuten batzarrean.
Herri berrietako alkateek eta zinegotziek hitza hartu zuten, bai batzar nagusian eta bai amaieran, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, “lanerako beharra, gogoa eta ilusioa” azpimarratuta. “Udalerri euskaldunak izan arren, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko hizkuntza politika eraginkorra eta ausarta garatzeko beharra sumatzen dute guztiek, eta UEMAren esperientzia eta laguntza bidelagun izango dutelakoan gustura agertu dira mankomunitatera gehituta”, azaldu zuten UEMAko kideek.