Hemen dira Olentzero eta Mari Domingi

Berriketan 2023ko abe. 24a, 17:52

Ikazkinik ezagunena eta haren laguna gaur (abenduak 24) eguerdian iritsi dira asto eta guzti Debara; menditik jaitsi ondoren, Plaza Zaharrean elkartu dira begiak ilusioz gainezka zituzten haurrekin.

Gauean etxez etxeko opari banaketari ekin baino lehen, Deban geldiunea egiteko tartetxoa hartu dute Olentzerok, Mari Domingik eta haiekin batera etorri diren laguntzaileek. 12:00etan puntuan, adar hotsak iragarri du herrira heldu direla eta, ordurako, eurak ikusteko irrikitan zeuden jendez beteta zeuden kaleak. Plaza Zaharrean elkartu dira herritarrekin, eta bertaratu direnek kantuan eman diete ongi etorria.

Gabonetako hainbat kantu ezagun abestu eta zakuetan gordeta zituzten goxokiak banatu ondoren, erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte kalejiran. Herriko txistulariek, trikitilariek eta akordeoi jotzaileek animatuta, Simon Berasaluze Plazan eta Foruen Plazan egin dituzte hurrengo geldialdiak; bi geldialdi horietan ere Olentzerori eta Mari Domingiri eskainitako beste hainbat kantu abestu dituzte.

Mendi aldera atseden hartzera bueltatu aurretik, baina, haurrekin aurrez aurre elkartzeko astia ere izan dute; udaletxeko azpiko arkupe parean ilara egin dutenek gaurko bi protagonistak besarkatzeko eta muxukatzeko aukera izan dute, baita azken orduan idatzitako gutunak emateko ere. Une magikoak bizi izan dituzte haurrek. Asko kontu-kontari ibili dira Olentzerorekin eta Mari Domingirekin, eta haien etxekoek momentu hori gogorazteko argazkia ateratzeko aukera ere izan dute.

_DSC2592