Gizarte zerbitzuei dagozkien gaien inguruan lan egiten duten elkarteen jarduerak egiteko dirulaguntzak emango ditu aurten ere Debako Udalak; azpimarratu dutenez, 4.000 euroko aurrekontua bideratuko dute gizarte esparruan diharduten elkarteen artean banatzeko. “Udalak aktiboki animatu nahi ditu gizarte zerbitzuen eremuan jarduten duten elkarte guztiak aukera hau aprobetxatzera eta deialdian parte hartzera, aukera baliotsua baita herriaren mesederako funtsezko lanetan laguntzen jarrai dezaten”.
Udal iturriek zehaztu dutenez, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Debako Gizarte Zerbitzuen arloko elkarte guztiek eskuratu ahal izango dituzte dirulaguntzak. Deialdia abenduaren 7an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta jakitera eman dutenez, hogei lan-eguneko epea izango dute eskaerak aurkezteko interesa duten elkarteek; alegia, urtarrilaren 9a izango da eskaerak azken eguna.