09:30ean zabalduko dituzte Urte Berriko Feriaren edo herritarren artean ezagunagoa den Zoro Feriaren ateak. Bertaratzen direnek, urtero legez, herriko hainbat gunetan atondutako postuetan lehen sektoreko ekoizleen produktuak zuzenean erosteko aukera bikaina izango dute. Ohi modura, fruta, barazki, ezti eta gazta lehiaketak ere antolatu dituzte azokaren baitan. Antolakuntzatik jakitera eman dutenez, 13:30ean egingo dira sari banaketak.
Foruen Plazan horretarako apropos jarritako postuetan egingo den barazki eta fruta sariketa eta erakusketan, esaterako, izena emanda dauden baserritarrek parte hartu ahal izango dute. Azpimarratu dutenez, sarituko diren salgaiak “norberak landatutako frutak eta barazkiak” izan beharko dira. “Ekoizleak 07:00etan hasi ahal izango dira postua atontzen eta 09:00etarako prest izan beharko dituzte, izan ere, ordu horretan igaroko da epaimahaia”. Salmenta, berriz, 09:30ak aldera hasiko da, epaimahaia postuetatik igaro ondoren, eta 14:30ak arte saltzen aritu ahal izango dira, harik eta ordu horretan postua jasotzen hasi arte.
1.050 euro banatuko dituzte saritan: lehen postuan geratzen denari 300 euroko saria emango diote; 250 eurokoa, bigarrenari; 200 eurokoa, hirugarrenari eta 150 eurokoa, laugarrenari. Postu onenari, gainera, 150 saria emango diote.
Gazta sariketari eta erakusketari dagokionez, berriz, lehiaketan parte hartzeko gaztak udaletxe azpiko arkupean aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 11:00etara bitartean. “Latxa edota Karrantzako ardi gaztak aurkeztu ahal izango dira, esne gordinez eginak eta gutxienez bi hilabetez helduak. Aurkeztutako gazta guztiak, gainera, Osasun Erregistroa duten gaztandegietan eginak egon beharko dira eta guztiek kaseina-plaka izan beharko dute, kontrola daitezen”.
950 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 350 euroko saria emango diote; bigarrenari, 300 eurokoa eta hirugarrenari, 150 eurokoa. Saritu gabeko eskualdeko lehen gazta, berriz, 150 eurorekin sarituko dute.
Goiz eta eguerdi partea alaitzeko, gainera, musika eta dantza emanaldiekin girotutako egitarau aberatsa antolatu dute. Aurreratu dutenez, herriko musika talde ezberdinak kaleak girotzen ariko dira goiz osoan, eta dantzaririk ere ez da faltako.
Eskualdeko ezti lehiaketan parte hartu nahi dutenek, aldiz, 09:00etarako postua prest eduki beharko dute udalak esandako lekuan. Antolakuntzak nabarmendu duenez, parte hartzaileek ezti berarekin betetako bi pote aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketan aurkezten den eztia, nahitaez, eskualdean eta norberak ekoiztua izan behar du. Eta, zehaztu dutenez, gordina eta berotu gabekoa izan beharko da.
575 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 175 euroko saria banatuko diote; 150 eurokoa, bigarrenari eta 100 eurokoa hirugarrenari. 150 euroko sari berezia ere emango zaio herriko baso kudeaketa onenari.
Eguna alaitzeko, gainera, musika eta dantza emanaldiekin girotutako egitarau aberatsa antolatu dute. Aurreratu dutenez, herriko musika talde ezberdinak kaleak girotzen ariko dira goiz osoan, eta dantzaririk ere ez da faltako. 10:30ean, esaterako, trikitilariak kalejiran aterako dira. 11:00etan, berriz, Kalez Kale txistulariaren txanda izango da; ordu horretan, ganadu feria alaitzen ibiliko dira. Deba Musika Eskolako dantzariek, aldiz, Aldats pilotalekuan egingo dute dantza; 11:30ean hasiko da dantza emanaldia. Azkenik, Musika Bandakoak kalejiran aterako dira 12:30ean.