Errege Magoen etorreraren harira, horiei zuzenduriko eskutitzak jasotzeko hiru postontzi jarri dituzte Santa Maria parrokiako atarian. Kabalgata antolatzeak arduratzen den taldeak abenduaren 28an ipini zituen postontziak eta ostegunera (urtarrilak 4) arte, haurrek bertan utzi ahal izango dituzte “berez desioz eta eskaerez” beteriko gutunak. Errege Magoentzako idatzitako gutuna eramatera bertaratzen direnek, gainera, “argazki dibertigarri bat” ateratzeko aukera ere izango dute postontzien alboan horretarako bereziki jarri diren apaingarriekin.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar, ohi legez, ostiral (urtarrilak 5) iluntzean helduko dira Debara, herritarrei opariak banatzera. Herriko haur guztiak agurtzeko kabalgata 18:30ean izango da. Eguraldi ona baldin badago, portutik abiatuko da kalejira, baina euria eginez gero, Plaza Zaharrera lekualdatuko dute kabalgataren abiapuntua.