Ogibidez euskara irakaslea eta soroslea bada ere, Bastidak betidanik izan du idazteko eta istorioak kontatzeko zaletasuna. Debako Kontalarien taldeko kidea orain dela gutxi murgildu da literatur sorkuntzan eta lehen lana kaleratzeko orduan album ilustratu baten aldeko apustua egin du. Denonartean argitaletxearen eskutik kaleratu du Hideane eta bere lagunak liburua, eta Apuleyo etxeak ere plazaratu du lana, gaztelaniaz. Bereziki haurrei zuzendutako istorioa dakar debarraren hitzekin eta Nadia Beltran de Lubiano ilustratzaile gasteiztarraren irudiekin osatutako argitalpenak.
Hideane eta bere lagunak album ilustratuak aurten ikusi du argia. Irakurleek zer topatuko dute bertan?
Liburuan Hideane izeneko neskatxa batek Debara egindako bidaia aurkituko dute eta, besteak beste, bere herriko arazo handiari irtenbidea emateko modua ere bai.
Dakigunez, istorioa Zaldibarko hondamendian oinarrituta dago, baina zer dago zehazki kontatzen duzunaren atzean?
Kutsadura, kiratsa, zabortegiaren hondamendia, konfinamendua eta halako arazoak abiapuntutzat harturik, bestelako mezuak elkarbanatu nahi izan ditut istorioan: gauza txikiei balio handiagoa ematea; betiko lagunek eta lagun berriek duten garrantzia nabarmentzea, eta haien laguntzarekin lor daitezkeen gauza harrigarriak ikusaraztea; bizikletaren erabilera bultzatzea; bakarrik bidaiatzera ausartzeak dakartzan onurez jabetzea…
“Durangoko Azokan ere aurkeztu dugu lana. Txikitan hor egotea amesten nuen, euskal idazleen artean liburua sinatzen, azokako ekitaldietan parte hartzen”
Argitaratu duzun lehen liburua da honakoa. Zerk bultzatuta murgildu zara mundu literarioan?
Betidanik izan dut idazteko ohitura, baina Hideane eta bere lagunak izan da orain arte argitaratu dudan liburu bakarra. Madrilgo Euskal Etxean euskara eskolak ematen nizkion, online, Hide ikasle japoniarrari eta hark animatu ninduen pandemia garaian ipuina idaztera. Japon eta Euskal Herria elkartuz, elkarlanean jarraitu genuen eta, halaxe, gure izenak bat eginez sortu genuen protagonistaren izena ere: Hideane. Proiektuari ilustrazioak gehitzeko ideia gero etorri zen, baita Nafarroako lehiaketan parte hartzeko erronka ere.
Eta zergatik erabaki duzu liburua aurten argitaratzea, eta ez lehenago?
Pandemia garaian lana idazten hasi nintzenean, zerbait kontatzeko eta hori munduarekin elkarbanatzeko beharra sentitu nuen. Ama izateko gogoa ere banuen, eta, hori errealitate bihurtzeko, Madril atzean utzi eta Euskal Herrira etorri nintzen. Iaz izan nuen Telmo semea eta, aurten, beste liburu txiki honi iritsi zaio argia ikusteko unea.
Euskaraz zein gazteleraz plazaratu duzu lana, ezta?
Pandemia garaian, Debako Kontalariok nik jatorriz euskaraz idatzitako ipuina eta beste zenbait lan PDF eta bideo formatuan kaleratu genituen. Emaitza nire ingurukoekin partekatu nuen, eta kopia bat Nadia Beltran de Lubiano ilustratzaileari ere bidali nion. Nadiak ilustrazioekin jantzi zuen istorioa eta, guztia ontzen amaitu genuenean, hainbat argitaletxetara bidali genuen. Denonartean argitaletxe nafarrak lana argitaratzeko interesa agertu zuen eta, hortaz, euskaraz kaleratzea adostu genuen. Istorioa penintsulako beste argitaletxe batzuetara bidaltzea ere erabaki nuen, tartean Apuleyo-ra, eta, haiek gaztelaniaz argitaratzea eskaini zidatenean, onartu egin nuen. Pozik nago nire uzta bihotzekoa dudan eta gehien maite dudan nire lehenengo hizkuntzan, euskaraz, eta bigarren hizkuntzan kaleratuta ikusteaz. Oraingoz bi hizkuntzako argitalpena izatera iritsi bada ere, espero dut etorkizunean beste hizkuntza batzuetara itzultzea; japonieraz kaleratuta ikusteak, esate baterako, ilusioa egingo lidake.
Duela gutxi hasi zara argitalpena aurkezten.
Azaroan egin nuen lehen aurkezpena, EITBko Biba Zuek saioan. Abenduaren 3an, aldiz, herrian aurkeztu nuen lana, Debako Kontalariek Euskararen Nazioarteko Egunerako prestatu zuten saio berezian, Hide nire lagun eta ikaslea alboan nuela. Jendez gainezka zegoen Ispiluen gelara bertaratu zirenek liburua sinatuta eramateko aukera izan zuten eta, egia esan, oso saio hunkigarria izan zen, bihotzean betirako gordeta gera-tzen diren oroitzapen horietako bat. Durangoko Azokan ere aurkeztu dugu lana. Txikitan hor egotea amesten nuen, euskal idazleen artean liburua sinatzen, azokako ekitaldietan parte hartzen, bisitan etorritako lagunekin disfrutatzen… Oso gustura ibili gara bertan ere.
Etorkizunera begira beste proiekturen bat bai buruan?
Ipuineko pertsonaiak banan-banan hartu eta beste istorio batzuk sortzea da nire hurrengo erronka. Jada hasita nago lehenengoarekin: Emili Txoria. Baina hori bukatu baino lehen, Hideane eta bere lagunak liburua-ren edizioan izandako akats txiki batzuk zuzentzeko eskatu diot argitaletxeari, ale berriak liburu-dendetara, liburutegietara, eskoletara… bidali aurretik. Perfekzioa existitzen ez bada ere, posible den heinean hobetzen jarraitzea da helburua.