Euskal kirol elitea bildu eta 2023ko kirol lorpen nabarmenak goraipatzeko eta saritzeko helburuarekin, Basque Team Fundazioak ekitaldi berezia egin zuen abenduaren 29an Getxoko Olatua Itsas Estazioan. Ekitaldian, zehazki, 2023an emaitzarik esanguratsuenak lortu dituzten kirolariak saritzeaz gain, Fundazioko kirolari onenen lana aitortu zen eta 2024ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako dagoeneko sailkatu diren kirolariei ere aipamen berezia egin zitzaien.
Sariak bloke ezberdinetan banatu zituzten. Lehen blokea, esaterako, Basque Teamek eta euskal federazioek sustatutako goi mailako proiektuetan parte hartzen duten kirolarien emaitzei bideratuta egon zen. Hiru kirolari saritu zituzten bloke horretan: Joseba Torres golf jokalaria, Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoa eta mahai tenisean aritzen den Ander Cepas.
Ekitaldiaren bigarren sari multzoan, berriz, 2023ko Basque Teameko kirolari onenen lana aitortu zuten. Guztira, hemeretzi kirolari eman zioten saria eta horien artean zegoen Deban bizi den Amagoia Arrieta Boccia jokalaria ere. Besteren artean, Rotterdamen 2023ko Europako txapelketan lortutako urrea azpimarratu zuten ekitaldian.
“Euskal kirol olinpikoaren estandartea” dela iritzita, Ander Elosegiri eman diote aurten Eguzkilore Zuria saria
Arrietarekin batera, honakoak ere saritu zituzten: Iker Sastre (mahai tenis egokitua), Rakel Mateo (paratriatloia), Eukene Larrarte (pistako txirrindularitza), Agurtzane Egiluz, Naiara Rodriguez eta Laura Ugarte (gurpil aulkiko saskibaloia), Amaia Erbina eta Anne Fernandez de Corres (zazpiko errugbia), Aratz de Goicoechea (zazpiko errugbia), Aitor Francesena (surf egokitua), Iiñigo Peña (sprint piraguismoa), Maialen Chourraut eta Olatz Arregui (eslalom piraguismoa), Pau Echaniz (eslalom piraguismoa), Lucas Eguibar (snowboarda) eta Mikel Unanue, Oihane Otaegi eta Sergio Vez (curlinga)
Ekitaldiaren hirugarren sari multzoan, aldiz, 2024an Parisko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako dagoeneko txartela lortu duten beste bost kirolari egin zieten aitortza: Salma Solaun (gimnasia erritmikoa), Higinio Rivero (sprint piraguismo egokitua), Nahia Zudaire (igeriketa egokitua), Iñigo Llopis (igeriketa egokitua) eta Asier Garcia (gurpil aulkiko saskibaloia).
Ekitaldiaren amaieran, azkenik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal kirol olinpikoaren ikur izan den Ander Elosegiri eman zion Eguzkilore Zuria saria, “euskal kirol olinpikoaren estandartea” dela iritzita. Nabarmendu zutenez, bere ibilbide “luze eta emankorrean” 2008ko, 2012ko, 2016ko eta 2021eko Olinpiar Jokoetan finalerako sailkatzea eta horietako bakoitzean diploma lortu zuen Elosegik: laugarren izan zen Beijing 2008eko eta Londres 2012ko jokoetan eta zortzigarren Rio de Janeiro 2016ko eta Tokion 2021eko jokoetan.