Debako udal ordezkariak pozik agertu dira Gabonetako leiho, balkoi eta fatxaden lehiaketak izandako harrerarekin. Hamar parte-hartzaile aritu dira lehian, deialdian ezarritako gutxieneko bost partaideko muga gaindituz, eta lehiaketan parte hartu duten pertsona guztien “ahalegina eta gogoa” azpimarratu ditu Alazne Txurruka alkateak, esker onez.
Txurruka alkatearekin batera, Jon Riaño alkateordea eta Ainhoa Urbieta Kultura zinegotzia aritu dira epaile lanetan. Eta, aurreikusi bezala, lau sari banatu dituzte, erabakia aho batez hartuta. Lehen saria (200 eurokoa) Marina Guridik lortu du, bigarren saria (150 eurokoa) Miren Zarranzek eraman du, Josean Egañarentzat izan da hirugarren saria (100 €) eta laugarren saria (50 €) Pili Lizasori eman diote.
Sari banaketa ekitaldia Errege Egunaren bezperan egin zen, udaletxean.