Euskal Herri osoko 80 herri baino gehiagotan egingo da “Haurren aurrean, helduak heldu” ekimena, tokian tokiko batzorde edota eragileek bultzatuta. Euskaltzaleen Topaguneak koordinatu du helduei zuzendutako ariketa praktiko hau, Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan. Eta geurean, Deban, Apakin guraso taldeak bultzatuko du.
Ariketa praktikoa izango da, azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean amaituko dena. Ekimen honen helburua da guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko –hau da, helduen arteko– hizkuntza-praktikak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea.
Hizkuntza-praktikak aldatzeko bidea egiten jarraitu
“Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi dugu ekimen honekin, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratzen, arau sozial bihur daitezen”, nabarmendu dute Apakin taldeko kideek. Alegia, hizkuntza-praktikak aldatzeko bidea egiten jarraitzea da helburua. Bide horretan, “euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten; lehen hitzak euskaraz egiten; eta kideak ulertu bai baina euskaraz hitz egiten ez badu ere, euskarari eusten (baita elkarrizketa elebidunetan ere).
“Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo –gogorarazi dute–. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”. “Haurrei eskatzen zaie euskaraz egiteko, baina gero helduok ez badugu hala jokatzen, gaztetxoek mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte; haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte-arauak ere barneratzen baitituzte, hau da, norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez…”, azaldu du.
Parte-hartzaileei eskatuko diete pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere.