Urpeko Irudiaren Eguna izan zen azaroaren 6a, Gipuzkoako eta Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioko Irudi sailak antolatuta. Iazko eta aurtengo hainbat argazki txapelketako sariak banatzeko baliatu zuten eguna eta Urbizi taldea (Jose Luis Aperribai kide duena) ez zen esku hutsik itzuli.
Euskadiko Urpeko Jardueren Federazioak Reale Arena estadioaren behealdean duen egoitzan egin zituzten sari banaketak, aurtengoa eta iazkoa, pandemiagatik ezin izan baitzuten iazkoa egin. Bertan txapelketetako ediziodun eta ediziorik gabeko lanak ikusteko aukera izan zen lehenik, eta sariak banatu zituzten gero.
Debako Aperribai argazkilariari dagokionez, Joseba Narbaiza laguntzailearekin hirugarren postua eskuratu zuen 2021eko Gipuzkoako Ligan, kamera konpaktuen sailean.