Non bizi zara? Nolatan?
1980an etorri nintzen AEBetara eta ordutik Marltonen bizi naiz, nire enpresaren bulegoa gertu dago eta. Marlton herria New Yorketik ehun kilometro ingurura dago, hegoaldera.
Zerk eraman zintuen horra?
Urte asko itsasoan igaro eta gero, beste zerbait egiteko garaia iritsi zitzaidan. Houstonera joan nintzen, eta enpresa batean lanpostua eskaini zidaten AEBetan. Interesgarria iruditu zitzaidan beraien bulegoetan lan egitea, eta bizitza aldatzeko erabakia hartu nuen.
Kontatuko diguzu nolakoa den zure eguneroko bizitza?
Erretiratu nintzenetik nire bizitza oso etxekoa da. Goizean ordubetez aritzen naiz gimnasioan. Gero, Interneten munduko berriak irakurtzen ditut, baita Euskal Herrikoak ere. Betidanik gustatu izan zait sukaldaritza, beraz, Karlos Argiñanoren menu batzuei jarraituz, bazkaria prestatzen dut; askotan bere telebista saioak ikusten ditut. Eguraldi ona egiten badu, etxeko lorategian ibiltzen naiz apur bat endredatzen. Arratsaldean irakurtzea gustatzen zait, bai ingelesez, bai euskaraz. Nire eguna telebistaren aurrean amaitzen da. Batzuetan kirol nazionala ere praktikatzen dut: erosketak egitea!
Espero bezalakoak dira AEBak? Zerk harritu zintuen?
AEBetara etorri nintzenean banekien nolakoa zen hemengo bizitza. Askotan egona nintzen hemen itsasontziz. Esan dezaket gure etxeko bizitza eta bereziki bizitza soziala oso desberdina dela. Hemen gizakien arteko harremana oso eskasa da.
Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Duela urte batzuk New Yorkeko Euskal Etxeko kideekin euskaraz hitz egiteko aukera izaten nuen. Azkenaldian bidaiatzeko apatikoago nago, adina izan daiteke. Hala ere, egunero ETB ikusten saiatzen naiz, dena euskaraz, eta ordu bat edo bi pasatzen ditut idazten eta irakurtzen. Ez dut dakidana ahaztu nahi.
Bertako hizkuntzarik ba al dago hor? Hizkuntza txikirik edo?
AEB etorkinen nazioa da eta 300 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Horietako erdia baino gehiago amerikar indiar tribuek hitz egiten dute. Interesgarria da jakitea, adibidez, Navajo nazioak beren hizkuntza irakasteko programak dituela hainbat eskola elebidunetan, eta ia 200.000 navajo indiar elebidunak direla. Siux hizkuntza, yupik herriak (jatorrizko alaskarrek) hitz egiten du, eta txeroki hizkuntzak eta beste batzuek eguneroko hizkuntzak izaten jarraitzen dute.
Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Nire Debako familia, baina ez dut uste moldatuko liratekeenik. Internet eta euskal hedabideei esker mundu horretako apur bat ekarri dezaket hona, baina kulturalki isolatuta sentitzen naiz. Ekarri? Miren (alaba) ekarriko nuke Debara. Hala ere, oso amerikarra da, bizitza osoa hemen eman du eta.
Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Oporretan, Deban, norbaitek galdetuko balit baietz erantzungo nioke. Baina zailagoa da hemen nagoenean erabakia hartzea. Posible ikusten dut sei hilabete ematea leku bakoitzean, baina oraindik ez nago ziur.
LABURREAN
- Paisaia bat: Debako hondartza itsasontzi batetik
- Usain bat: Belarra mozten denekoa
- Zapore edo jaki bat: Makarroiak tomate eta txorizoarekin
- Gustuko dut… Lagunekin jan eta edatea
- Ez dut gustuko… Neguan elurretan gidatzea
- Amets bat: Miren alabarekin Euskal Herrira itzultzea, baina ametsak amets.