ELKARRIZKETA

Xabi Osa Crossfit egokituko atleta: “CrossFit-ak erakutsi dit lana eginez gero ez dagoela ezinezkorik”

Berriketan 2021ko aza. 29a, 13:41

Uztaila eta abuztua bitartean Nobull CrossFit Games jokoak izan ziren Madisonen (Wisconsin, AEB) eta, kirol egokituan, munduko kirolaririk onenen artean, Xabi Osa debarra bosgarren geratu zen bere kategorian (Men Upper Extremity ­–gizonak, goiko gorputz-adarra–). Orain asko ez dela, Got Talent telebistako saioan ere izan da bere onenak ematen. Besteak beste, snowboard-ean ere aritzen da Osa, 29 urteko gazte hau ez baita geldi egotekoa, berehala etsitzekoa ere ez. Hortaz eta beste hainbat kontuz aritu gara berarekin izandako solasaldian.

CrossFit egokituan zabiltza. Kontaiguzu zer den.
Kirol honetan CrossFit-ean egiten diren probak zailtasun fisikoa duten pertsonentzat egokitu dira. Kategoria desberdinak ditugu eta, beraz, besoa falta duten pertsonei, itsuei, gurpil aulkian dauden pertsonei, eta abar egokitu egiten zaie WODa (eguneko entrenamendua).

Noiz eta zergatik heldu zenion kirol honi?
2018ko urtarrilean hasi nintzen. AEBetatik bueltatu eta Strongman-ean jarraitu nahi nuen hemen. Ez nuen gimnasiorik aurkitzen kirol horretan entrenatzeko, beraz, CrossFit-eko box (gimnasio) batean hasi nintzen nire kabuz entrenatzen. Entrenamenduak egiten nituen bitartean, klasean zegoen jendeak egiten zuena ikustean, harra sortu, eta horrela hartu nuen nire lehenengo klasea. Kirolak zailtasun berriak ekartzen zizkidan, eta horrek engantxatu egin ninduen.

AEBetan jokatu diren Nobull CrossFit Games jokoetan hiru egunez lehiatu ostean, munduko bosgarren postuan geratu zara zure kategorian. Pozik?
Oso. Txikitan ez naiz kirolaria izan. Ez nuen pentsatzen kirolarekin zerikusirik duen ezertan ona izango nintzenik. Ikusi dugu lan handia eginez gero munduko onenen artean egon gaitezkeela. Gogo handiarekin bueltatu gara gainera, eta lanean gabiltza hurrengo urtekoa prestatzen. Emaitza hori hobetzea espero dugu orain.

Modalitate egokituan txapelketa gutxiago daude eta askotan urrun. Finantziazioa arazo izaten da?
Neure kontu izaten da hori. Kamisetak atera genituen Games-etara joateko eta horri esker finantziazioaren zati handi bat lortu nuen. Orain badaude pixka bat laguntzen duten babesle batzuk, baina beti egongo da neuk ordaindu beharreko zatia. Ea hori aldatzen joaten den!

Orain dela gutxi The Fittest Managers ordezkaritza-agentziak fitxatu zaitu. Zer suposatu du horrek zuretzat?
Estatu mailako CrossFit-eko kirolaririk onenak dauzkate, eta deitu zidatenean ez nuen sinesten. Ni ordezkariekin? Harrituta nengoen, benetan. Orain beraiek aritzen dira markekin negoziazio-lanak egiten; lan handia kentzen didate, eta horrela, gehiago zentratzen naiz entrenamenduetan.

Egun Iurretako Anboto CrossFit box-aren jabekidea zara. Zer moduz doa?
Oso pozik gaude. Kristoren giroa daukagu, oso pertsona onak dauzkagulako. Kirolak eman didan onena Anboton ezagutu dudan familia da.

Nola uztartzen dituzu lana eta zeure entrenamenduak? Denbora asko ematen al duzu entrenatzen?
Bi sesio egiten ditut egunero (ostegunetan izan ezik): bat bizpahiru ordukoa, eta bestea ordubetekoa. Box-ean egoten naizenez, erraz egiten zait, egia esan. Gainera, kideekin entrenatzeak bide honek ekartzen dituen garaipenak elkarrekin ospatzea dakar gero. Eta ospakizunak, horrela, bereziagoak dira.

Elikadura eta atsedena ere zaindu beharko dituzu…
Bai, eta niretzat hori izaten da zatirik zailena. Elikadura asko zaintzen dut, baina asko jan behar dudalako. Azkenaldian pisua irabazi nahian nabil, beraz asko jan behar izaten dut, entrenamenduetan asko erretzen dudalako.
Atsedena zailagoa da box-a izanda: goiz irekitzen dugu, eta askotan ez naiz heltzen beharko nituzkeen atseden-ordu guztiak neuretzat hartzera.

Eta alderdi psikologikoa lantzen al duzu? Nola?
Bai, nire kabuz. Etxean eredu handia izan dut: aitaren jarduna egunero ikusteak asko lagundu dit neure burua lantzen, jabetzen helburuak lortzeko lana egin behar dela. Barne-borrokak ere izaten ditut egunero buruan, bai, baina azkenean ezarritako helburuak lortu nahi baditut argi dut ezin diedala pentsamendu negatiboei kasurik egin.

CrossFit-ean emakumeak zer presentzia du? Eta egokituan?
Handia. Gainera oso ikusgarria da emakumeen lehia. Oso indartsu daude bai egokituan bai ez egokituan. Gainera diru-sariak berdinak izaten dira gizon eta emakumeentzat. CrossFit-ean oso presentzia handia dute emakumeek.

Itxialdi-sasoian egin genizun elkarrizketan hainbat oztopo aipatu zenituen (hainbat lehia atzeratu izana, adibidez). Normaldu al da dena?
Indartsuago itzuli gara. Ikasi genuen elkartasunaren bitartez aurrera egin daitekeela; guk bakarrik ezin ditugula erantzun guztiak aurkitu. Anbotoko kideei eta ideia berri askori esker aurrera egin dugu, eta inoiz baino indartsuago!

Ba al da kirol honetan zuretzat eredugarri izan den norbait?
Mat Fraser. Kirolean gauza izugarriak lortu ditu, baina, hala ere, daukan pentsamoldeak harritzen nau gehien. Txapeldun-mentalitatea dauka, dudarik gabe. Irabazteko behar den guztia egiteko prest egon da, eta horri esker CrossFit Games-etan bost aldiz atera da garaile jarraian.

Eta erreferenterik bizitzan?
Aita.

Zer eman dizu CrossFit-ak?
Erakutsi dit lana eginez gero ez dagoela ezinezkorik. Eta mentalitate hori edozein arlotara eramaten dut orain.

Zer pentsatzen duzu zerbait “ezinezko” dela entzuten duzunean?
Nire ezinezkoetan. Zenbat aldiz pentsatu dudan ezinezko zirela hainbat gauza, baina neure buruak eta pertsona batzuen ereduek erakutsi didate borondatea dagoen lekuan ez dagoela ezinezkorik.

Aholkuren bat emango zenioke norbaiti? Zein?
Ez fijatu ez duzun gauzetan. Ikusi zer den daukazuna, egokitu horretara, eta beti aurrera!

Beijing 2022; zure erronken artean akaso?
Snowboard-arekin hasi nintzen, baina CrossFit-ak gehiago eskatzen dit momentu honetan eta CrossFit-a ez da federaturiko kirol bat eta ez dago paralinpikoetan. Hala ere, paralinpikoak? Inoiz ez inoiz esan.