Ezusteko horrek hainbat kalte eta eragozpen eragin zituen egunean zehar, esate baterako, Elgoibarrerako noranzkoan errepidea itxita egon zen denbora luzez, garraio publikoak etenaldiak izan zituen, Mendaro ere isolatuta egon zen –ospitalerako joan-etorriak ere ezinezko bihurtu ziren–.
Debako Udalak azaldu bezala, geurean kalterik handienak ibaiaren inguruko baratzeetan eta Errota Zar futbol-zelaian izan ziren, eta baserri-bideren batzuetan ere arazoak izan ziren luizien ondorioz. Dena den, oraindik ere goizegi da, udal ordezkarien arabera, kalte guztien inguruko balorazio orokorra egin ahal izateko.
Joseba Gorosabel Amaikak Bat elkarteko diruzainak adierazitakoaren arabera, “futbol-zelaiaren zati batzuk oso kaltetuta daudenez, zelai erdia erabiliz jokatzen diren partidak jokatuko dira Errota Zar-en (infantil neskak eta alebinak) eta besteak inguruko herrietan (Mutriku, Iraeta, Berriatua eta Zumaia). Entrenamenduak, berriz, ahal bezala, Deban egingo ditugu”