Hizkuntza ardatz hartuta elkarlanean “Euskeraz Bagera”

Berriketan 2021ko abe. 17a, 13:09

Herrian aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean euskal harreman-sare berriak eraiki ahal izateko erronkari helduta antolatu da aurten Euskeraz Bagera egitaraua, Euskaren Nazioarteko Egunaren bueltan.

Abenduaren 1ean hasi eta hilaren 12ra bitartean, kultura, kirola eta bestelako zenbait eskaintza antolatu zituzten Zuhatza Euskara Elkarteak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean. Tamalez, baina, aurreikusitako ekintzetako batzuk bertan behera geratu ziren halabeharrez, bizi dugun osasun-egoeraren edo eguraldi txarraren (eta hark eragindako kalteen) ondorioz.

Jesus Mari Makazaga euskal filologo eta EHUko irakaslearen Debako hizkera noiz eta nola hitzaldiarekin ekin zitzaion programazioari, hilaren 1ean; gure euskalkiaren berezitasunen berri jaso zuten Kultur Elkartera hurbildu zirenek. Hurrengo egunean, berriz, hogeitik gora herritar batu ziren euskaraz gai desberdinez solas egiteko Agirre jauregian antolatutako Mintzodromora.

Abenduaren 3an, Zuhatzak eta Mendata institutuak elkarlanean antolatutako literatur lehiaketako sari-banaketa ekitaldia izan zen goizean ikastetxean. Iluntze partean, berriz, kalera irten zen Euskeraz Bagera: Kalean Kantuz taldea aritu zen giroa alaituz eta Zuhatzaren material-salmentarako postua ere izan zen plazan; bertan, belar-metaren pisua asmatzeko apustua Itziar Aizpuruak irabazi zuen, trukean Errigorako saski ederra lortuta.

Azken orduko aldaketa baten ondorioz, Gaztelekuko kideek abenduaren 8ra atzeratu zuten hasiera batean hilaren 4rako aurreikusita zegoen Euskaraokea eta, beste behin ere, euskaraz kantuan aritzeko aukera izan zuten gazteek hitzorduan. Bestetik, zinema izan zen protagonista hilaren 5ean eta hogeita bost bat lagun bildu ziren Ilargi guztiak filmaren proiekzioan.

Abenduaren 11n kontzertua izan zen Gaztetxean eta programazioa hilaren 12ko ipuin-kontaketa herrikoiak itxi zuen, Kultur Elkarteko plazan. Ohiko ipuin-kontalariei beste herritar batzuk ere batu zitzaizkien oraingoan eta ipuinek, asmakizunek eta zuzeneko musikak jantzi zuten familia-giroan egindako ekimena.

Arrazoi ezberdinak tarteko, egitarauko lau ekintza bertan behera geratu dira (ziurrenik guztiak egingo dira aurrerago, egoerak ahalbidetzen duenean): KulturEkin programaren baitan antolatutako Xahu taldearen jazz kontzertua, MintzaCapoeira familian, MintzaSurf saioa eta Errota Zarren Amaikak Baten partidetan jokatu behar zituzten “Euskararen aldeko golak”.

“Inoiz baino anitzago eta zabalagoa”

Hori guztia kontuan hartuta, egitarauaren balorazio “gazi-gozoarekin” geratu dira antolatzaileak neurri batean. Nolanahi ere, pozarren daude orokorrean; batetik, beste urte batzuetan baino egitarau anitzagoa prestatu delako aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren harira; eta, bestetik, programazioa antolatzeko elkarlanean aritu diren eragileen zerrenda bera ere “inoiz baino zabalagoa” izan baita oraingoan.

Neurri batean zein bestean, Debako Udala, Zuhatza, Kultur Elkartea, Zurrunbilo, Gazte Asanblada, Kalean Kantuz, Amaikak Bat, Debadezine, Debako Kontalariak, Mendata BHI, Gaztelekua, Senzala Euskadi Capoeira, Ikigai zentroa, Ipar Surf&Skate, Yako Surf Eskola eta Katxalote dira, besteak beste, Euskeraz Bagera egitarauari ekarpena egin diotenak.