Gonzálezek zazpi urtean zehar egindako lana dakarkigu erakusketa honetan. Lanbidez erizain, eskulanetarako afizioaz, Zumaian hasi zen keramika-klaseak hartzen zazpi ordu iraun zituen erabateko amnesia aldi batengatik. “Izan ere, tratatu ninduen neurologoak esan zidan estres mentala ari nintzela pairatzen eta neure burua gelditzeko zerbait egin beharko nuela”, adierazi du erakusketaren jatorriaz galdetuta. Horrela hasi zen, beraz, keramikaren munduan.
Erakusketa hau 82 lanek osatzen dute. Erabilitako teknikak hauek izan dira: txurroak, xaflak, tornua, moldeak… kolorea emateko engobe eta esmalteak erabili ditu. Raku teknika ere erabili izan du; oxigenoa murriztearen bitartez metal kutsua lortzean datza teknika hori.
Hala ere, denen artean pieza izarra zortzi metro eta 55 zentimetroko mural bat da. Bere esanetan, “lan hau coronavirus pandemiaren erdian sortu zen eta denbora pasatzen lagundu dit”.
Lagin honetan oso gai desberdinak ikus daitezke, denak ere artistaren pasio nagusiarekin lotuak: zaldiak. (Ekain, Prailehaitz, loreak, Kandisky, arte japoniarra…)