Duela bi urte hasi ziren antzezlana sortzen, heziketa afektiboaren eta sexualaren inguruan Nafarroako ikastetxeetan abiatu zuten Skolae programaren bueltan sortu zen zalaparta dela eta. Helduei eta heldu ez direnei zuzendutako lana da, zuzeneko musikaz girotua eta heziketa sexual eta afektiboa ardatz dituena.
Antzezlanaren egilea Patricia Urrutia da, eta Pablo Ibarluzea eta Elena Olivierirekin batera betetzen dituzte zuzendari lanak. Aktoreak, berriz, Juanjo Otero, Ion Zumelaga eta Patricia Urrutia bera dira.
Sinopsia
Soinu-probak. Azken kontzertua da Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu bihurtu dira eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu diete. Taldearen azken kontzertua ere bada. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango da aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.