Iruleak Emakume Pilotariak gustura daude Nesken Binakako Pala Txapelketaren azken edizioak emandakoarekin. Pandemiaren ondorioz urtebeteko geldialdia egin ondoren, irailean abiatu zen VI. Maite Etxeberria txapelketa, eta abenduan bukatu. Ostegun arratsaldeetan eta igande goizetan jokatu dituzte partidak, eta guztira 21 bikote aritu dira lehian; debarrez gain, inguruko herrietako emakumeak ere izan dira tartean (Mutriku, Elgoibar, Eibar, Ondarroa, Zumaia, Zizurkil eta Andoaingoak).
Aurten, berritasun bezala, bi mailatan banatu dute txapelketa, “palan ibiltzen den edozeinek partu hartu ahal izateko”, azaldu dute antolatzaileek. Hori hala, lehen mailan urteetan parte hartu izan duten bikoteak aritu dira, esperientzia handidunak (11 bikote bi taldetan banatuta); eta bigarren mailan hasiberriak edo paletan gutxi aritzen direnak lehiatu dira (10 bikote, beste bi taldetan banatuta).
Lehenengo, bi mailetan ligaxka bat egin dute eta hortik talde bakoitzeko lehenengo lau bikoteak final laurdenak jokatzera pasa dira; azken horietan nagusitu direnek lehenik semifinalak eta ondoren final ikusgarriak jokatu dituzte.
Abenduaren 18an jokatu ziren bi mailei zegozkien finalak, partiden aurretik agurra dantzatu ondoren. Bigarren mailako finala Edurne Osak (Zizurkil) eta Amaia Gonzalezek (Andoain) irabazi zuten, Ana Egaña eta Mariana Baud zumaiarren kontra (22-13). Lehen mailako partidan, berriz, Elaia Oiartzabal (Deba) eta Amaia Aizpuru (Azkoitia) aritu ziren Iratxe eta Maite Barruetabeñaren (Mutriku) aurka, eta Barruetabeña ahizpek irabazi zuten norgehiagoka (17-22).
Horrela bada, bi mailetako lehenengo eta bigarren postuan geratu zirenek sariak jaso zituzten. Maite Etxeberria Saria (urtero arrazoi desberdin batengatik Debako palistaren bati eskaintzen zaion errekonozimendua), berriz, Ainitze Agirrezabalak jaso zuen eta, era berean, txapelketan parte hartutako palista guztiek ere esker oneko oparia jaso zuten pilotalekuan. Azkenik, bazkideen artean urtero-urtero zozketatzen diren bi saskiak Pilar Gonzalo eta Sonia Tomásentzat izan ziren.