Pare bat hilabete baino ez dira gelditzen 22. Korrikari ongietorria egiteko eta, beste urte batzuetan egin izan den moduan, aurten ere Korrika Batzordea eratu nahi da herrian, euskararen aldeko ekimen erraldoiaren nondik norakoak partekatu eta antolakuntza lanetan elkarlana eta herritarren parte-hartzea sustatu nahian.
Apirilaren 7tik 8ra, gauerdian, iritsiko da Korrika gurera; Mutrikutik etorriko da lekukoa, Deba eta Itziarko kaleak zeharkatuko ditu gero eta, ondoren, Zestoarantz abiatuko da.
Korrika Batzordea irekia izango da, edonork har dezake parte bertan (norbanako edo talde bezala). Hori hala, herritar guztiak daude gonbidatuta bihar arratsaldean Kultur Elkartean, 18:00etan, egingo den batzarrera ere. Informazioa trukatu eta Korrikaren lekukoa eraman, ekimenen bat antolatu edota antolakuntzan lan egiteko prest dauden horien guztien ekarpenak entzuteko helburuarekin sortuko da Batzordea.