ELKARRIZKETA

Mirian Arrizabalaga Biolur elkarteko lehendakaria: “Nekazaritza-politiketan aldaketa sakonak behar dira eta kontsumo eredua irauli”

Berriketan 2022ko ots. 15a, 19:47

Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren aldeko elkartea da, eta bazkide kanpaina du oraintxe abian bidelagun egiteko gonbita luzatzeko.

1993an sortu zen Biolur, ikastaro baten txinpartaz; hainbat nekazari ekologikoan lanean hasi eta laster ikusi zuten elkarri laguntzeko beharra.

Mirian Arrizabalaga Badiola itziartarra 2009an hasi zen, Nerea ahizparekin batera, baratzegintza ekologikoan, eta orduantxe egin ziren biolurkide. 2011n baratzezain ordezkari hasi zen elkarteko juntan, eta 2012tik Biolurreko lehendakari da. Hona berekin izandako berriketaldiaren uzta.

Zergatik abiatu duzue “Gure lurriña bazkide kanpaina?
Harrokeriarik gabe, harrotasunez esango nuke sektorean ekologikoan lan egiten duten gehienentzat eta autokontsumorako egiten duten askorentzat erreferente dela Biolur. Hala ere, gizartean ez gara hain ezagun. Elkartea, egiten ditugun lanak eta moduak ezagutarazi nahi ditugu; babesa lortu eta elkarlanak abiatu. Babes ekonomikoa ere bada helburu bat, lan asko eta baliabide justuak izaten ditugulako, elkarte txiki askoren gisan.

Nola definitzen da nekazaritza ekologikoa?
Gurea Europako araudi bati lotutako ekoizpen eredu bat da, baina definizio desberdinek lurra zaintzea eta haren emankortasuna mantendu edo hobetzea dute komunean; lurra da elikagai ekologiko denen oinarria, eta animaliak ere lurrak ematen duenarekin elikatzen dira (sintesi kimikotik eratorritako produkturik gabe), eta haien ongizate orokorra ere zaintzen da, gu ere animaliak garela ahaztu gabe. Horrez gain, bioaniztasuna dago: erabat naturala den ekosistema bat kopiatzen saiatuko bagina bezala.
Hala ere, bada “ekologiko” ideiaren lapurreta bat nire ustez, “berde” eta “jasangarri” hitzen bitartez berez loturarik ez duten gai eta prozesu ugari lotuz.

Egun bizi dugun krisi ekologiko eta sozialari aurre egiteko elikadura funtsezko ardatza dela diozue…
Bai, betiere zaintza oinarri hartuta. Elikadura eta ekoizpen eredu jakinekin ingurua zaindu dezakegu, baita ekoizle eta kontsumitzaileak ere. Baina, teorian sistema perfektua izan daitekeen hori praktikara eramateko zailtasun ugari dago, eta hor gabiltza, bidea egin nahian.

“Elikadura-burujabetza”: zein da praktikan duen garrantzia? Eta lortze bidean baserriaren papera?
Elikadura-burujabetza norberak bere elikadura aukeratu ahal izatea da, ondorioen jakitun. Hori oso gutxitan gertatzen da, nagusi diren ekoizpen eta kontsumo eredu guztiz industrialengatik. Eredu hori irauli beharko luke baserriak, ingurumen, norbanako eta komunitatearen osasuna erdigunean jarrita. Erronka handia, bai, baina lortzeko ze ederra!

Zeintzuk dira zuen lan-ildo estrategikoak? Eta nola antolatzen zarete erronka horiei erantzuteko?
Labur-laburrean, formazio eta aholkularitza ematea, merkaturatzea (neurri batean), dibulgazioa eta administrazioarekiko harremana dira. Baserri eta ekoizleen etorkizuna ziurtatzeko beren inguru eta giza baliabideekin ahalik eta autonomoen arituko diren baserriak ditugu buruan. Lan taldeetan antolatzen gara: baratzea, fruta, abeltzainak eta okinak. Talde bakoitzak elkarteko teknikari baten laguntza eta ekoizle ordezkariak ditu. Babes handia eskaintzen zaie jarduerari ekin nahi diotenei; hasierak inoiz ez dira errazak eta nekazaritzan gutxiago. Baserritarren arteko laguntza eta harremana ere sortzen da.
Gero elkartean koordinazio orokorra eta proiektuak lantzen dira. Gipuzkoko zazpi azoka ekologikoen antolaketak ere ematen du lan ugari.

Elkarri laguntzeko filosofiak aurreko belaunaldiek hain ohiko zituzten auzolandegiak gogorarazten dizkigu…
Bai, izan dira, adibidez, negutegiak konpontzeko. Egunerokoan ere, materiala lortzeko, zerbait egiteko modua partekatzeko edo, adibidez, landaketa baten kudeaketa argitzeko ere galdetzen diogu elkarri. Lehen auzokoekin; orain teknologiaz, taldean konektatuta.

2012tik elkartearen lehendakari. Zer irakatsi dizu ardurak?
Ekoizle txiki agroekologikoen sektorea eta gizartea bi abiaduratan bizi garela, eta uztartzea ez dela samurra. Izan proiektuetan edo instalazio berrietan, denboran iritsi ezinda gabiltzala dirudi.
Kezka sortzen dit ekoizleen zaurgarritasunak. Hasierako ilusioak bultzada ematen du, baina gerora lanbidea, bizitza eta ekonomia orekatu ezinak, lana gustuko izanda ere, aurrera egin ezinik lagatzen ditu asko. Nekazaritza-politiketan aldaketa sakonak behar dira eta kontsumo eredua irauli.

Baserritar izanik ondo ezagutuko duzu zuen aurreko belaunaldiaren bizimodua… Asko aldatu al da sektorea?
Duela bizpahiru hamarkada espezializazio moduko bat gertatu zen: denetik pixka bat edukitzetik (baratze, fruta, ardi, behi…) asko jota hiru jarduera izatera.
Gero eta okerrago doan beste gai bat kudeaketan eta ekoizpen-koadernoak betetzen behar den denbora da, lehendik ere denboraz justu gabiltzanean…

Eta emakumearen paper eta presentziari dagokionez?
Emakumeek beti izan dute paper garrantzitsua baserrian, bai ekoizpen- lanetan bai familiaren zaintzan, baina ofizialki, jabetza eta ekoizpenari dagokionez, ez balego bezala zen. Orain jabe, titular eta kotitular izan daitezke eta baserri askotan egin da aldaketa.
Egindako lana aitortzeko egin dira hainbat ekimen; nahikoa ez, seguruenik.

Orain gutxi baserria lagatzeko ikasten zuten askok. Egun, badira gazteak nekazaritza ikasten…
Ez nuke esango egindako ikasketekin lotura zuzena duenik baserriaren biziraupenak; badira bestelako ikasketadun hainbat ekoizle. Zoritxarrez, ez dut uste biziraupenerako bide onean goazenik, erreleboa da egungo arazo eta erronkarik handiena, ekoizpen eredu guztietan.

Nekazaritza ekologikoaren aldeko sentsibilizazio-lana ere egiten duzue. Ez gara haren garrantziaz jabetu?
Ez dakit gizartea jabetu gabe dagoen edo ekoizpen-eredu nagusiei buruzko ezagutza falta den. Dendetako apaletan dauden produktuak nola, nork, ze baldintzatan ekoiztu dituzte? Guk gure lana azaltzen dugu, ez besteena.

Erakundeetatik zein neurritan egiten da agroekologiaren aldeko apustu politikoa?
Kasik zero, esango nuke, udal gutxi batzuek salbu. Gehienez agroekologiaren alde lan egiten duten elkarteei ematen zaie laguntza; ez da benetako bultzada.

Beste eragile eta erakunde batzuekin elkarlanean ere bazabiltzate hainbat proiektutan. Zeintzutan?
2021ean Duinan, esaterako. Ekolurra eta EHUko Mirene Begiristainek (Biolurrekoa) baratzegintzako ekoizpen-kostua aztertu dute. 10 ekoizlek egunero urtebetez egindako lana eta denbora jaso dituzte. Barazki mota asko ekoizten direnez kalkulu hori egitea zail zenez, orain arte merkatuaren arabera jarri izan dira prezioak. Ekoizleen erdia gutxieneko soldatara ez zela iristen azaleratu zuen galdeketa bat du azterketak abiapuntu. Kostua jakiteaz gain sentsibilizaziorako kanpaina egitea da helburua. Ni ere emaitzak jakiteko gogoz nago.

Aurrera begira jarrita zer nolako zeruertza ikusten du euskal nekazariak?
Goazen erruberan ez du oso kolore polita, baina bagabiltza beste bide batzuk badaudela erakusten. Batu gurekin!

278 BIOLURKIDE

Biolur elkarteak modu ekologikoan lan egiten duten lurraldeko nekazariak, abeltzainak eta okinak biltzen ditu. Guztira 278 bazkide ditu gaur egun, eta horietatik 125 ekoizle edo baserritarrak dira, eta beste 153ak, herritarrak.
Debabarrenean, 31 bazkide ditu, Debagoienean 56, Urolan 47, Tolosaldean 23, Goierrin 44 eta Donostialdean 55. Gipuzkoatik kanpo, hainbat tokitan banatuta, beste 22 lagun batu zaizkio elkarteari.
Biolurren bazkide egiteko bideak hauetxek dira: www.biolur.eus webgunea, 943 76 14 47 telefono zenbakia, eta biolur@biolur.eus e-posta helbidea.