Asteon sinatu dute Debako Udalak eta Cita Alzheimer Fundazioak lankidetza hitzarmena 2022. eta 2023. urteetarako. ExerCita Estimulazio kognitiboko Programa eta zahartze aktiboko Cita GO-ON proiektua (bihotz-hodietako ohitura eta estiloak zainduz narriadura kognitiboa nola prebenitu behar den ikertzen duena) gauzatuko dira Deban. Lehena 2020an egin zen udalerrian lehen aldiz, eta bigarrena berria da.
Debako alkate Gilen Garcia Boyra eta Fundación CITA-Alzheimer Fundazioko ordezkari Iñaki Erguin Gurrutxagak sinatu dute hitzarmena Debako udaletxean.
2020an, pandemia bete-betean, Debako Udalaren eta CITA-Alzheimer Fundazioaren arteko lankidetzari esker, ExerCita hedatzea lortu zen, eta, horren bidez, Deba estimulazio kognitiboko jarduketa-eredu integrala hedatu zuen lehen udalerria izan zen, eta 2021ean errepikatu. Balorazio ona egin dute nola bi aldeek hala parte hartzaileek, eta bidea urratzen jarraitzea erabaki dute.
Debako Udalak hitzarmenaren garapena finantzatzeko 15.000 euroko ekarpena egingo du urteko.