2021. urtea erronka nagusi batekin abiatu zuen Zuhatza Euskara Elkarteak: eskuan zituen proiektuei eutsi ahal izateko egoera ekonomiko larriari buelta ematea. Izan ere, urte hasieran 20.000 euroko diru-galerak aurreikusten zituen. Egoera iraultzeko lehenengo urrats modura, kontabilitate-arazoei aurre egiteko aholkularitza-zerbitzua kontratatu zuen elkarteak. Eta haren laguntzaz, laster ikusi zuen ezinbesteko zuela autofinantzaketa handitzea. Horretarako, bi helburu lortu beharko zituen: batetik, bazkideen babes ekonomikoa handitzea, 250 bazkide zituen orduan elkarteak eta 600 bazkidera iristea jarri zuen jomugan; eta, bestetik, bestelako autofinantzaketa bat eskuratzea (publizitatea, errifa eta material salmenta, askotariko ekimenak…).
Bazkide eta publizitate kanpaina
Behin jomuga argi izanda, bazkideen babesa lortzeko bazkide kanpaina jarri zuen abian elkarteak. Eta haren baitan, egoeraren sozializazioa egiteko ekimenak burutu zituen: bazkideak informatu, alderdi politikoekin eta herriko eragileekin bilerak egin (20 eragile baino gehiago), herritarrentzako bilera irekiak antolatu, eta prentsa bidezko zabalkundea egin; hori dena, betiere, kale-presentzia etengabea izanez (kartelak, buzonada, materiala sortu eta saltzea, ekimenak…).
Bazkide kanpainarekin parez pare, herri aldizkarirako publizitate kanpaina bat ere abiatu zuen Zuhatzak, eta herriko denda, enpresa eta hainbat elkartetara jotzeaz gain, inguruko herrietako zerbitzu-eskaintza eta enpresa handietara ere jo zuen publizitate-bezero berrien bila.
Urtebetea igaro da jadanik Zuhatzak kanpainak abiatu zituenetik, eta elkarteak jaso du dagoeneko egindako ahaleginaren uzta: 500 bazkidetik gora ditu orain (urtebetean bazkide kopurua bikoiztu du); publizitateari dagokionez, berriz, diru-sarrerak nabarmen igo ditu, eta bestelako akordioak ere lortu ditu hainbat enpresa handirekin. Egindako bilerei esker, berriz, herriko hainbat elkartek beren laguntza eskaini dio, ekonomikoa zein elkarlanezkoa. Eta horiez gain, urteroko dinamikari eutsi eta beste hainbat ekimenetan ere parte hartu du elkarteak (Errigora, Ekilarre, Gure Giro…).
Hori guztia horrela, maila ekonomikoan uste baino hobeto bukatu du Zuhatzak urtea eta herritarrengandik babes handia jaso du gainera. Horregatik, elkarteko arduradunen hitzetan, “eskerrak eman nahi dizkizuegu bide honetan lagun izan zaituztegun herritar guztioi, bai bazkide eginez, bai buzoneaketan lagunduz, bai ekimenetan parte hartuz, bai ekimenak antolatzen lagunduz, bai bazkideen orrian zuen iritzia emanez… Eskerrik asko benetan guztioi zuen aletxoa jartzeagatik!”. Hala ere, gogorarazten dutenez, “arazo ekonomikoa ez da guztiz desagertu, diru-laguntzen menpe bizi gara eta alde horretatik inbertsioak egiten jarraitzea beharrezko dugu; ziurgabetasun egoerak hor dirau”.
www.berriketan.eus
Otsailetik prest dute atari digitala, eta martxotik aurrera ikusgai. CodeSyntax enpresak diseinatu du webgunea. Otsailetik aurrera lan-dinamika berriari heldu dio, beraz, lantaldeak, aurrerantzean Berriketan bi hankako komunikazio-proiektua izan dadin. Bestalde, “webgunea proiektu dinamikoa izan dadin, ezinbestekoa izango da herritar eta eragileen parte hartzea”, gogorarazi dute taldekideek.
Debabarreneko tokiko komunikabideekin elkarlanean
Duela urtebete inguru hasi zen Berriketan aldizkariko lantaldea Debabarreneko beste aldizkariekin batera elkarlanerako zeuden aukerak aztertzen eta lantzen. Komunikazio esparruan batera jarduteko eta indarrak batzeko erronkak batu ditu izaera eta filosofia bereko hedabide horiek (erakunde publikoak ere bide hori sustatzen dabiltza azkenaldian). Aholkulari batek dinamizatutakoa da prozesua eta dagoeneko hasiak dira eduki komunak lantzen eta partekatzen. 2022an ere lan ildo horri eutsiko diote.
2022ko erronkak
Ekonomikoki ziurgabetasun-egoeran hasiko du elkarteak urtea (diru-laguntzen deialdi eta ebazpenen zain), baina lanean gogotsu jarduteko asmoz. Horretarako, ordea, elkartea indartzea du asmo (bazkideen inplikazioa handituz, bazkideei onurak eskainiz eta zuzendaritza berrituz).
Bestalde, komunikazio-proiektua sendotzen jarraitzeko bidean tinko segiko du elkarteak (aldizkariarekin jarraitzeaz gain webgune berria martxan jarri eta eskualdeko proiektuan parte hartzen jarraituz). Eta, azkenik, ekimen berriei ateak zabaltzeaz gain, diru-sarrerei eutsi, eta herriko eragileekiko elkarlana indartzeko asmoa ere badu Zuhatzak 2022an.
2021ak emandakoa
2021ean honako ekimen hauek burutu ditu elkarteak:
•Kolore Anitz Aisialdi Taldearen ekimenak (inauterietako ekintza, Kolorez Blai euskal udalekuak, Kolore Anitz Eguna…).
•Mintzalaguna egitasmoa (hiru talde aktibo, astero-astero ordubetez euskaraz hitz egiteko batzen direnak).
•Bazkideentzako hilabeteroko zozketak eta errifak.
•Zuhatzaren materiala (kamisetak, poltsak, musukoak eta Bagera garagardoa).
•Hileroko Deba-Itziar BIRA lehiaketa.
•Euskararen Nazioarteko Egunaren harira osatutako Euskeraz Bagera programazioa (Mintzodromoa, ikastaroak, hitzaldia, kontzertua, Kalean Kantuz…).
•Berriketan aldizkariaren hamaika ale paperezko edizioan, webgune berria eta eskualdeko hedabideen proiektua.
Horrez gain, hainbat elkarlan ere eraman ditu aurrera, honakoak adibide gisa: Errigora (kanpainak eta dastaketa Bordatxo jatetxean), Gure Giro jaialdiaren baitan antolatutako bertso saioa (Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi), Euskal Jaiko bazkari herrikoia, DBHko literatur lehiaketa, eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera.