M8aren inguruan aurten antolatu den egitarauaren barruan dator mobilizaziorako deialdia, baina ekimenak ez dira gaur bukatuko. Ostiralean, esaterako, hilekoari buruzko tailerra izango da Ispiluen gelan, 17:30ean, 18 urtetik gorako emakumezkoentzat. Emakumearen zikloa, zikloaren faseak, fase bakoitzaren eragin emozionala, elikaduraren garrantzia… landuko dira bertan (izen-ematea: berdintasuna@deba.eus).
Egitarauak abian jarraituko du apirilera bitartean. Itziar Irizar Beristain Berdintasun eta politika feministen zinegotziak berriki nabarmendu bezala, era eta gai ezberdinetako jarduerak antolatu diren arren, “aurten saiakera berezia egin nahi izan da emakumeen zikloa erdigunean jarri eta eragile ezberdinekin lanketa interesgarriak burutzeko”.
Debako udalbatzak adierazpen instituzionala adostu du aho batez aurten ere.