Artzabalgo hilerri berria hilaren 25ean zabalduko dela iragarri du Udalak

Berriketan 2022ko mar. 8a, 13:59

Martxoaren 25ean, ostirala, zabalduko da Artzabalgo hilerria, 12:00etan. Zabaldu aurretik, baina, herritarrek gunea ezagutzeko aukera izango dute hilaren 17an, 18an eta 19an egingo diren bisita gidatuetan.

Oraintsu jakinarazi du Debako Udalak Artzabalgo hilerria zabaltzeko data zehatza, azpiegitura berriarekin udalerrian aspaldi atzemandako behar bati erantzungo zaiola nabarmenduta. “Azpiegitura garrantzitsua izango da herriarentzat. Hilerri berri honek Udalean zein herrian, eta orokorrean gaur egungo gizartean, sustatzen diren balore batzuk ditu oinarri: pertsonen arteko berdintasuna eta aniztasuna, eta umiltasuna. Edozein jatorri, ideologia edo pentsamenduko senitarteko eta lagunei agur esateko aukera emango du Artzabalgo hilerriak, horretarako prestatutako beilatokietan eta aretoan. Orain arte ez bezala, herrian bertan egin ahal izango zaizkie agur ekitaldiak senitarteko eta lagunei, hortaz”. 

Martxoaren 25ean zabaldu aurretik, ate irekien jardunaldiak eta bisita gidatuak egingo ditu Udalak hilaren 17tik 19ra bitartean. Bi bisita egingo dira euskaraz: martxoaren 17an (osteguna), 18:00etan; eta martxoaren 18an (ostirala), 11:00etan. Gaztelaniaz, berriz, martxoaren 18an (ostirala), 18:00etan, eta martxoaren 19an (larunbata), 11:00etan. Hilerria ikusi nahi dutenek izena eman beharko dute martxoaren 16a (hau barne) baino lehen. Izen-ematea info@deba.eus helbidera idatzita edota 943 19 28 40 telefono zenbakira deituta egin beharko da. 

Hilerri berdea da Artzabalgoa, hilobi gehienak lur azpian eta soropilez estaliak daude eta, horrenbestez, parke baten itxura du, Udalaren esanetan. Horman jarritako banakako 54 nitxo eta lur azpiko 30 nitxo daude, 972 errauts-kutxa sartzeko espazioa dago lurperatutako kolunbarioetan, eta errautsen parkea eta hezurtegia ere badaude. 

Hilerriari buruzko informazioa, planoa, argazkiak… jasotzen dituen aldizkaria banatu da etxeetara (formatu digitalean ere partekatuko da). Bertan dago, halaber, hilerriari buruzko iritzia jasotzeko galdetegia ere. Galdetegia online ere bete daiteke helbide honetan: https://labur.eus/ArtzabalgoHilerriaDeba. Martxoaren 31ra arteko epean jasoko dira paperekoak zein digitalak.