Saharako haurrentzako harrera-familia bila dabil Oporrak Bakean

Berriketan 2022ko mar. 24a, 10:14

Azken bi urteetan ezinezkoa izan bada ere, aurten berriz ere jarri dute martxan Oporrak Bakean programa eta Saharako umeak Euskal Herrira etorri ahal izango dira udan, bi hilabeteko egonaldia (San Juanetatik abuztu bukaerara arte) egitera. Hori hala, haurrei harrera egingo dieten familien bila dabiltza elkarteko kideak.

52 ume inguru ekarri nahi dituzte Euskal Herrira, eta, aurtengoan, 2014an jaiotako umeak etorriko dira, zortzi urtekoak. Martxoaren 27ra arte eman dezakete izena familiek eta elkartearen webgunean aurkituko dituzte horretarako beharrezko dituzten jarraibideak eta informazioa (www.oporrakbakean.eus).

Programaren arduradunek diotenez, “pandemiak mundu osoa jarri du hankaz gora, baita herri sahararraren egunerokoa ere. Pandemiaren ondorioz, 2020an eta 2021ean bertan behera geratu da Oporrak Bakean. COVID-19ak saharar errefuxiatuen kanpamentuetan gogor jo du, baina, horrez gain, 2020ko azaroaren 13an su-etena bertan behera geratu zen eta, ondorioz, soldadu sahararrak gerran daude”.

Dagoeneko hainbat urte pasatu dira haur sahararren lehen taldea kanpamentuetatik Euskal Herrira uda pasatzera heldu zenetik. Ordutik hona, Oporrak Bakean programaren koordinazioa aldatzen joan da, baina proiektua abiatzeko ikusi ziren arrazoiek indarrean jarraitzen dute eta, arduradunen esanetan, haurren harrera “inoiz baino beharrezkoagoa da orain”.

Izan ere, programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu-kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, eta familia euskaldunek herri sahararra lagundu eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera.

Programaren helburuak

Oporrak Bakean-en xedea da urtero, udako bi hilabeteetan zehar, Saharako haur errefuxiatuak familia euskaldunetan edo udalekuetan harreran hartzea. Horrela, umeak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea bilatzen dute (50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, are-ekaitzak…). Gainera, elikadura orekatu baten bitartez umeen osasuna hobetzea dute helburu, baita oinarrizko osasun-azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatzeko zail diren gaitzak artatzea ere: ikusmen eta entzumen arazoak, hortzetako gaitzak…

Bestelako helbururik ere badu programak. Arduradunen esanetan, hain zuzen, “haurrei kultura eta hizkuntza berriak eta errefuxiatu-kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzeko aukera eman nahi diegu. Gainera, Mendebaldeko Sahara eta herri sahararraren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatzea eta gizarte saharar eta gizarte euskaldunaren arteko harremana sustatzea ere bilatzen du egitasmoak”.