Debako Korrika Kulturala: Bigarren astea

Berriketan 2022ko api. 6a, 11:45

Pasa den ostegunean Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako Berriketan.eus webgune berriaren aurkezpenarekin eman zitzaion hasiera Korrika Kulturaleko bigarren asteko egitarauari. Ostiral iluntzean, apirilaren 1ean, Boga eta Saltus garagardo-ekoizleek Korrikarako sortutako Hitz eta Ekin garagardo artisauen aurkezpena eta dastaketa gidatua antolatu zen Kultur Elkartean. Apirilaren 2ko (larunbata) eguerdiko hitzordua hondartzan izan zen, Zurrunbilo ur kirol elkarteak Busti zaitez Korrikaren alde lemapean antolatutako bainu eta argazki herrikoiarekin. Ondoren, 13:00etan, Debako Musika Bandak kalejira egin zuen herriko kaleetan zehar. Biharamunean, apirilaren 3ko goizean, umeentzako ipuin-kontaketaren saio berezia egin zuten Debako Kontalariek Kultur Elkarteko liburutegian. Azken txanpan sartuta, atzo, Luca Ricci italiar-euskaldunaren bizipenak ezagutzeko eta lunch eder batez gozatzeko aukera ere izan zen, Zuhatzak antolatutako solasaldian.