Bi mailatan banatuta lehiatu dira pala txapelketako partaideak azken asteotan: zazpi bikote aritu dira lehenengo mailan, eta bost bikote bigarrenean (horietako bi bikote Debakoak).
Igande arratsaldeetan izan dira partidak. Ligaxka jokatu zen lehenbizi, eta bertan sailkatu ziren lehenengo laurek finalaurrekoak jokatu zituzten martxoaren 27an. Bigarren mailan Debako bi bikote lehiatu ziren; Amaia eta Maitane Furones batetik, eta Maider Blasko eta Ainitze Agirrezabala bestetik, eta azken bikote horrek finalerako pasea lortu zuen. Lehenengo mailan, berriz, Iratxe Astigarraga debarrak eta Amaia Aizpuru azkoitiarrak osatutako bikotea aritu zen lehian semifinaletan; aurrea hartu zieten Barruetabeña ahizpei jokoan eta, hartara, finalera pasatzea lortu zuten.
Txapelketaren finala igande arratsaldean, apirilaren 3an, jokatu zen Mutrikun. Lehenik bigarren mailakoak lehiatu ziren; Arantza Atxurra eta Iraide Burgoa nagusitu ziren Ainitze Agirrezabala eta Maider Blaskoren aurrean, 22-9 aldeko markagailuarekin. Lehenengo mailari dagokionean, aldiz, partida oso parekatua izan zen, 21na berdinduta egon arte, baina azkenean Yoli Mateos elgoibartarrak eta Ainhoa Lakuntza zarauztarrak jantzi zuten txapela, Iratxe Astigarraga eta Amaia Aizpuru bigarren postuan lagata.