22. Korrika gaur iritsiko da helmugara. Aurreikuspenen arabera, Euskal Herria eskuz esku zeharkatu duen lekukoa 12:30erako helduko da Donostiako udaletxearen ondora. Une horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren egilea nor den jakingo da, eta noski, mezuaren beraren edukia ere bai. Ekitaldi nagusiaren aurkezleak Bagera Elkarteak sortutako Atzean Zuloa proiektuko kideak izango dira; esketxotako pertsonaiak gorpuzten dituzten Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu aktore donostiarrak, alegia.
Korrika helmugara iristearekin batera, 12:30ean gutxi gorabehera, itxiera ekitaldiaren zuzeneko emisioa egingo da, eta, ezkutuko mezua irakurri ondoren, 13:00ak pasatuta, amaituko da saioa.
Euskararen aldeko ekimenari bukaera biribila eman nahian, egun osoko egitaraua antolatu dute gaurko Donostian. Hemen ikus dezakezue gune bakoitzeko eskaintza osoa.