Euskal artista garaikide berriek beren lanak jendaurrean aurkezteko dituzten zailtasunez jabetuta, eta horretara bideratu ohi diren finantzaketa-iturriak urriak direla iritzita, euskal artista garaikide berrien sustapena eta hedapena erraztea bilatzen du abian den sariketak.
Arte Eskola Bizirik taldeak proposatuta, Kultura batzordeak gai honetan esku hartzea erabaki zuen; eta elkarlanean ekin zioten lehiaketa bat antolatzeko oinarriak lantzeari. Osoko bilkurak onartu ondoren erabaki dute deialdia egitea.
Lehiaketaren helburua artista bisual berriak sustatzea izango da, eta erakusketa bat antolatzea Santa Maria elizako kalostran, ohikoa den moduan, uztailean.
Euskal Herrian jaiotako sortzaileek edo urtebetetik gorako erroldatzea egiaztatzen duten egoiliarrek parte hartu ahal izango dute lehiaketan; betiere aurtengo abenduaren 31n 35 urte beteta ez badituzte. Saria 4.000 eurokoa izango da, diru horrekin artistek erakusketa prestatu dezaten.
Oinarri guztiak hemen daude irakurgai.