San Roke festak prestatzen hasi da Udala, eta tartean muntatzen den plazaren gaia ere kudeatzen hasi da. Urtero hobekuntzak egin behar izaten zaizkio udalak jabetzan duen plazari, arauak bete ditzan, eta homologatu dezaten. 2019an muntatu zen plaza azkenekoz, eta zailtasunak egon ziren hura homologatzeko. Horregatik, eta gaia kudeatzeko, lan-batzordea osatzeko proposamena egin zuen Udal Gobernuak eta bi bilera egin ditu honezkero.
Aukera desberdinak aztertu dira eta bi proposamen egin dira. Horiek aztertu dituzte udal teknikariek, eta bi aukeren aldeko eta kontrako elementuak baloratu dituzte. Azterketa horretan onura gehiago ikusten zaizkio plaza berria erosteari.
Bi aukerak eraman ziren plenoan aztertzeko. Batetik, orain arte muntatu den plaza ingeniaritza batek aztertzea eta egin beharreko aldaketak eginda muntatzea. Eta bestetik, plaza modular berria erostea, beste leku batzuetan erabiltzeko aukera emango lukeena, eta pertsonen segurtasuna bermatuko lukeena.
Udal Gobernuak azken aukeraren alde egin du, segurtasunagatik, eta ez dagoelako bermatuta plaza zaharra muntatzerik egongo den behar den garairako, eta hori homologatzeak izan dezakeen kostua ere ezin delako aurreikusi. Debarren Ahotsak eta EAJ-PNVk, berriz, plaza zaharraren aldeko hautua egin dute, eta haien botoekin hori onartu du udalbatzak.