Aurtengoan, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Debako Amaikak Bat eta Donostiako Donosti Gain elkarteen laguntzarekin antolatu du lasterketa. Gainera, 2022ko edizioak berrikuntzak dakartza lehiaketa-egunei dagokienez, eta luxuzko parte-hartzea izango du.
Apirilaren 22an, ostirala, hasiko dira klasikoaren ingurukoak Deban taldeen izen-emate ofizialarekin (14:00etatik 16:45era). Ondoren, zuzendarien ate itxiko bilera izango da Debako osoko bilkuren aretoan.
Larunbatean, berriz, Debako Foruen plazan taldeak aurkeztu ondoren, goizeko 11:00etan hasiko da lasterketaren lehenengo etapa, eta Elkorrieta, Itziar eta Kalbario mendateak igo ondoren 13:30 inguruan espero da Debako helmugara iristea. Etapa horretan, Amaikak Bat-ek bere urteroko junior mailako saria XLVII.a, hain zuzen ere, banatuko du.
Bigarren etapa Egian jokatuko da. 10:30ean hasiko da eta bertan jakingo da Gipuzkoa Klasikoaren irabazlea nor izango den, eguerdiko 14:00etan. Astigarragako Bentetako igoerak eta Basozabal argitaragabea gainditu beharko dituzte han gazteek, erabakiorrak izango diren % 18ko arrapalekin.
Parte-hartzeari dagokionez, Gipuzkoako talderik ez da faltako, eta Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Entente Iparraldeko selekzioak ere ez. Tropeleko gainerako talde guztiak atzerritarrak izango dira, eta Portugalgo Bairrada izango da kartelburua, Antonio Morgado egungo txapelduna eta aurtengo Portugalgo PACAren irabazlea. Hemen rutometroa eta izena emandakoen zerrenda.