Hala ere, bazuen Anjeltxok beste afizio ezkutu bat ere, ingurukoek bakarrik ezagutzen zutena: txotxekin maketak egitea maite zuen eta, gutxika, Debako elizaren maketa zehatza egin zuen.
“Aspaldi, umeak txikiak zirela, txotxekin hainbat lantxo egiten zituzten”, kontatu digu Marian Oiartzabalek. “Uda partean, Deban egoten ginenez, txotxekin eliza egitea okurritu zitzaion. Lan handia zela eta, armairuko txoko batean gorde eta 20-30 urtean ahaztuta izan zuen (nik ez). Etxean berrikuntza batzuk egin genituenean ikusi eta, jubilatuta zegoenez, elizarekin hasi zen”. 12 urtean zehar, eguneroko jarduna izan zuen, arratsalde osoa pasatzen zuen bere elizarekin. Azkenean, pandemiako itxialdiak lanari bultzada eman zion; ekin eta ekin jardun zuen harik eta lana bukatu zuen arte.
Eliza osoa txotx zapalekin dago eginda, teilatua izan ezik, txotx biribilekin egin baitzuen; kanpaia, berriz, pintzelaren egurrezko kirtenaren puska bati forma emanda. Horretarako argazki piloa atera zuen kanpandorrera igota, Alex Turrillas eta apaizaren laguntzarekin, lana zehatz-mehatz egin ahal izateko. Eliza hiru zatitan irekitzen da barruko zehaztasunak ondo ikusi ahal izateko.