50 lan aurkeztu dira guztira euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, eta, iaz bezala, bietan ere Debako idazleak izan dira aurtengoan garaile. Baina aurtengoak izan du berezitasunik iazkoaren aldean, izan ere, sarien formatua lehengora itzuli da eta berriz ere lehenengo saria, bigarrena eta Debako saritu gabeko lanik onenari egiten zaion aipamena izan dira; iaz, eta aurreko urtean, lehenengo saria eta herriko lanik onenari egindako aipamena soilik izan ziren.
Euskarazko modalitatean, Nagore Dorronsoro Aizpuruaren Teneri gutuna izenburuko kontakizunari eman dio lehen saria (300 euro) epaimahaiak. Bigarren saria (200 euro) Andoainera joan da; Xabier Ariznabarreta Olartek eskuratu du “Andutz” lanari esker. Eta, azkenik, hirugarren saria, saritu gabeko Debako lanik onenari ematen zaiona (150 euro), Arantza Iriondo Lakak eskuratu du, ‘Maria Bascaran Alberdi (Eibar-Deba)’ idazlanari esker. Estibaliz Beltran de Herediak, Mikel Aizpuruak eta Goizane Aizpuruak osatu dute modalitate honetan epaimahaia.
Gaztelaniazko modalitatean, ostera, Rafa Bravo Arrizabalagak lehenengo sariaz gain hirugarren saria ere eskuratu du, saritu gabeko debarrik onenarena, “Tos de pobre” eta “Estragos en el pórtico” lanengatik, hurrenez hurren. Bigarren saria, berriz, Segoviara joan da, Luis David San Juan Pajaresen eskuetara, “Soy un flysch” izenburuko lanari esker. Patxi Aizpitartek, Ainara Sedanok eta Alex Turrilasek osatu dute epaimahaia modalitate honetan.
Epaimahaikoek adierazi dutenez, bi modalitateetan ere parte hartzaileen kopuruak gora egin du iazko kopuruarekin erkatuz gero eta horrek lehiaketaren maila igo du. Euskarazko modalitatean 22 lan aurkeztu dituzte (15 bertakoenak eta zazpi kanpotarrenak). Gaztelaniazko modalitatean, berriz, 28 lan aurkeztu dituzte.
Sariak Kultur Elkartean, Liburuaren Egunaren bueltako egitarauaren barruan banatu zituzten. Eta lan irabazleen irakurraldien artean esku-soinua joz girotu zuten sari-banaketa Musika Eskolako soinujoleek.