Non zaude gaur egun? Zer nolatan?
Darmstadten nago, Frankfurtetik oso gertu dagoen hiritxo batean (Donostia baino pixka bat txikiagoa). Orain dela hiru urte etorri nintzen doktoretza-ikasketak egitera, eta oraindik beste urtetxo bat gehiago egin beharko dut hemen, gutxienez, baina oraintxe nire neskak hasi berri du doktoretza hemen, beraz… agian denbora gehiago geratu beharko gara.
Zerk eraman zintuen horra?
Kuriositateak. Doktoretza hasi aurretik nire ikasketen inguruan (errobotika eta inteligentzia artifiziala) ahalik eta gehien jakin nahi nuen. Lotsa gutxirekin, Alemaniako unibertsitate bateko irakasle bati idatzi nion, doktoretza posizioei buruz galdezka, eta elkarrizketa batzuen ondoren, onartu eta hona etorri nintzen.
Zertan zabiltza orain?
Doktoretza eta bizimodu normala orekatzen saiatzen ari naiz orain, nahiz eta askotan ez lortu. Alde batetik, ikasketetan denbora piloa sartzen dut. Doktoretza atera ahal izateko, artikulu zientifiko ugari argitaratu behar izaten dugu eta horrek denbora asko hartzen du. Bestetik, Alemanian nagoenez, ahal dudanean, bertako kultura eta lekuak bisitatzen ditut.
Espero zenuen bezalakoa da Alemania?
Bi gauzak harritu naute. Alde batetik, janariak. Etorri aurretik uste nuen bertako janaria ez zela batere ona, baina orain asko gustatzen zait eta ahal dudan bakoitzean lagunak jatetxe alemaniarretara joateko konbentzitzen ditut. Bestetik, nahiz eta alemaniarrak burugogorrak izan, Euskal Herriko eta Espainiako jendearekin konparatuz, askoz burugogorragoak zirelakoan nengoen.
Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Ez handirik, egia esan. Nire neska euskalduna denez, askotan, lagunen aurrean sekreturen bat esateko, euskara erabiltzen dugu. Gure hizkuntza sekretua da.
Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Familia, lagunak eta hango parajeak ekarriko nituzke. Kanpoan denbora gehiegi zaudenean, herrimina hasten da eta herri osoa ekarriko zenuke, ahalko bazenu. Hala ere, bertan bueltan nagoenean askoz gehiago disfrutatzen ditut momentuak, beren falta igartzen dudalako. Alemaniatik horra, unibertsitateak eta bretzela (ogi-lazo gazi bat). Hemengo unibertsitateetan ikerleak oso ondo zaintzen dituzte, oso lan-baldintza onak eskainiz. Bretzelek, berriz, adikzio larria sortu didate.
Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Espero dut baietz. Oraindik esplorazio-momentuan nago, ahalik eta leku gehien ezagutzen eta esperientziak bizitzen. Hala ere, badakit momenturen batean lasaitasuna bilatuko dudala, eta uste dut Debak lasaitasun hori eman ahal izango didala.
LABURREAN
- Paisaia bat: itsasoaren handitasuna, Sakonetatik
- Usain bat: kafe egin berriarena
- Zapore edo jaki bat: kafe egin berria
- Gustuko dut… udan, hondartzan botata irakurtzea eguzkipean
- Ez dut gustuko… zarata eta larri dabilen jendea
- Amets bat: lasai bizitzea, urduritasun gutxirekin; maite ditudanak gertu ditudala, eta kuriositatea sekula galdu gabe