Maiatzaren 27ra arte egongo da zabalik We Make Debabarrena! STEAM erronka

Berriketan 2022ko mai. 19a, 19:03

Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Helburua zera da: ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntzan balioan jartzea. Debegesak kudeatzen du egitasmoa; joan den ostiralean jarri zen martxan eta hilaren 27ra arte iraungo du.

Aurtengo erronkan bi irizpide erabiliko dira irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du sariaren azken puntuazioan. Batetik, bideoen ikustaldiak zenbatuko dira eta, bestetik, epaimahai batek hautatuko ditu kategoria bakoitzean irabazleak, irizpide zehatz batzuk kontuan hartuta.  BPTDrekin (BASQUE PRECISIÓN TECHNOLOGY DISTRICT) lotutako sei erakunde eta enpresatako pertsonek osatzen dute.

Guztira 18 esperimentu daude ikusgai, eskualdeko zortzi ikastetxetan egin direnak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta Eibarko La Salle Azitain eskola.

Hiru kategoriatan sailkatu da erronka, LH3-4, LH5-6 eta DBH1-4. Bideoak honako estekan ikusi daitezke: www.bptdmakers.eus/steam-erronka.

Ekainaren 27an arratsaldeko 16:30ak arte hartuko dira kontuan ikustaldiak eta, orduan, epaimahaiaren balorazioarekin bateratu eta irabazleak aukeratuko dira. Maila bakoitzeko talde-irabazleak bi sari izango ditu aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuaren eskaintzetako irteera bat edo 500 euroko erosketa-bonoa eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskolako materiala erosteko (biak dira taldeko osoarentzat).

BPTD Makers proiektua

Eustaten arabera, EAEn, lau urtean, % 17 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEAM ikasketetan. Lanbide Heziketatik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen % 39 dira, hain zuzen, alor horietan titulatutakoak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berrien % 9 baino ez dira Lanbide Heziketan, eta unibertsitatean, % 31.

Gazteak eta batez ere neskak STEAM bokazioetara erakartzeko gero eta ekimen gehiago jarri dira abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. Horren adibide da Debegesa agentziak duela pare bat urte abian jarri zuen BPTD Makers proiektua. Horren helburua da eskualdean teknologia eta zientzia arloan egiten diren jarduerak eskualde mailan ezagutu eta ikusaraztea. Gainera, ikastetxeek ere, beraien eguneroko jardueran, gero eta ekintza gehiago egiten dituzte STEAM hezkuntzari dagokion esparruan.