Euskal Kostaldeko Geoparkeak egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira; geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke egitarau osoa.
Gaur, adibidez, 19:00etan Urak aske filma proiektatuko da Zumaiako Aita Mari Antzokian. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte, eta EHUko Erreken Ekologia taldeko ikerlari Miren Atristain egongo da aurkezpenean.
Larunbaterako, bestalde, Geoparkeak BIOTOP izeneko biodibertsitate topaketa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Jarduerak Galarretako atsedenlekua (Itziar-Deba) izango du abiapuntu eta lau txanda egongo dira aukeran. BIOTOP topaketa edonori dago zuzendua, doakoa da eta Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea du helburu, kasu honetan, Elorriaga auzoko hegaztiak eta flora ezagutzeko aukera emango du. Prismatikoaz izanez gero, eramatea gomendatzen da.
Larunbat goizean hainbat irteera egingo dira. Talde bakoitza Aranzadi elkarteko adituen laguntzarekin multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da; norberari gehien interesatzen zaion taldea aukera daiteke. Irteeren ordutegiak hauek dira: 9:00-10:30 Aves (gaztelaniaz), 9:00-10:30 Landareak (euskaraz), 10:30-12:00 Hegaztiak (euskaraz) eta 10:30-12:00 Plantas (gaztelaniaz).
Ekimena irekia da, baina parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2022 helbidean edo turismo bulegoetan (943 143 396 / 943 603 378 / 943 192 452). Plazak mugatuak dira eta taldeak 20 parte-hartzaile izango ditu gehienez.
Maiatzaren 22an, igandea, 11:00etan, Geoparkeak Karsteko Zaporeak doako bisita gidatua egingo da. Txangoan Goienetxe euskal baserri tipikoa bisitatuko dute partaideek eta gazta egiteko prozesua ezagutuko dugu. Gainera, artalde bat ikusi eta gazta dastatzeko aukera ere egongo da.
Mutrikuko Olatz auzoko San Isidro elizan hasten da bisita, bi orduko iraupena izango du eta euskaraz izango da. Erreserbak webgunean egin behar dira eta #GPKastea deskontu kodea ipini behar da erreserba doan eskuratzeko.
Maiatzaren 27an emango zaio jarraipena egitarauari.