Irunberri, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko bost lagunen artean sortu zuten Ibil Bedi musika taldea 2018an. Egiten duten musika pop estiloaren barruan kokatzen badute ere, ez diote beste musika estilo batzuetako elementuekin jokatzeko aukerari aterik ixten. Soinu garaikideak, auto-tunea eta sintetizadoreen soinu indartsuak melodia goxo eta hitz sakonekin uztartuz, haize freskoa ekarri dute euskarazko musikagintzara. Taldearen ibilbidean, estudioko bi lan kaleratu dituzte: Berandu baina garaiz (2019) eta Beltxarga beltza (2021). Debako kontzertuan, orain arte kaleratutako abestien errepasoa egingo dute eta Eskerrak bideari biraren baitan eskainiko duten azken emanaldia izango da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrerak online erosteko aukera dago, zortzi euroan, hemen sakatuta. Sarrera guztiak agortzen ez badira, aurrez aurreko salmenta egingo da egunean bertan.